Ibarra kiroldegiaren aurrean aurkeztu dute Aretxabaletako Udal Gobernu Taldeko kideek zazpiko futbolean egiten den zelaiaren eta skate-parkearen inguruan dagoen berdegunea hartuko duen parkearen proiektua. Ur-txorroten eremua izango da bertan jarriko duten elementu nagusia, baina aisialdia, atsedena eta jolasgunea batuko dituen espazioa ere eskainiko da bertan.
Lizitaziora, egubakoitzean
Proiektua parte-hartze prozesu baten emaitza dela adierazi du Garikoitz Iturbek, Aretxabaletako alkateak: "Bere garaian, aisialdirako gune berri bat sortzeko beharra identifikatu zen, eta, hain zuzen ere, agintaldi hasierako proiektuetako bat da. Lizitazioa, berriz, irailaren 19an aterako da jendaurrera. Fase hori pasatutakoan, obrak hasi eta udarako dena txukun izatea nahiko genuke".
Proiektuak ingurune osoa hobetzea eta egokitzea barne hartzen du. Horrela, ibaiaren, skate-parkeko futbol-zelaiaren eta Markolera sartzeko bidearen artean libre geratzen den berdegune guztia hobetu egingo da, belarra, zuhaixkak eta zuhaitzak landatuz. Honako hauek batzen ditu proiektuak: ingurunea berrantolatu eta txukuntzea; ur jolasak jartzea –inbertsio osoaren heren bat izango da–; komun publiko bat jartzea; eta piknik-gunea prestatzea, mahai eta eserleku berriekin. Horrez gain, parke osoan belarra berritu egingo dute. Guztira, 573.806 euroko inbertsioa egingo da aisialdi-gune berria eraikitzeko.
"Ur-jokoen instalazioak izango du lehentasuna eremu horretan. Landaretza-berdegunea txukun jartzeko Iñigo Segurola paisajistaren laguntza izan dugu, Lur Studioren gidaritzapean. Komun publikoa ere jarriko da, eta piknik-gunean mahaiak ere jarriko ditugu".
Ur-jokoen instalazioari dagokionez, udako egunetarako eta txikienei zuzendutako eremua izango da bereziki. Horren bidez, jolasgune bat gehiago eskaintzeaz gain, aterpe klimatiko bat eskaini nahi da bero handieneko uneetan.
Lau hilabeteko lanak
Lan horiek neguan egin nahi dituzte, zuhaitzak garaian landatu ahal izateko eta belar berria udarako egoera onean egotea ahalbidetzeko. Obren lizitazioa egubakoitzean argitaratuko da, eta aurkeztutako eskaintzen arabera zehaztuko da hasiera-data. Aurreikuspena da lanak abendu eta urtarrilaren artean hastea eta lau hilabete inguruko iraupena izatea.