Urriaren 19an jokatuko da Mundukide lasterketa solidarioaren X. edizioa

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 10a, 16:10

Mundukide lasterketak hamargarren aldia izango du aurten, eta Eman pausoa! lelopean, urriaren 19an Urkulu urtegiaren bueltan arituko dira herritarrak. 

Beste behin, hiru modalitate izango ditu lasterketak: ibilkera nordikokoak, oinezkoak eta kooperatiben arteko lasterketa. Aurretik, baina, 2004 eta 2016 urte bitartean jaiotako gaztetxoek izango dute lasterketa egiteko aukera. 10:00etan izango da hori; ostean, 10:30etan, ibilkera nordikokoak eta oinezkoak abiatuko dira; eta, azkenik, 11:00etan, kooperatiben arteko lasterketaren txanda izango da.

Hamar urteren ostean, Mundukideren helburuak berberak izaten jarraitzen dutela dio fundazioko ordezkari Urri Urizarrek: "Helburua beti da herrialde pobretuenetan laguntzen eta gure hazia jartzen jarraitzea. Apur bat, Mundukideren ekimena indartzen jarraitzea eta geroz eta pertsona gehiagorengana iristea gure laguntza".

Athlonen, Ikerlanen eta Ulmaren laguntza

Athlon, Ikerlan eta ULMA taldea dira aurtengo edizioko laguntzaileak. Athloneko kide Kepa Larreak adierazi du "Mundukideri babesa emateko lasterketa" bat dela, eta "pozgarria" dela hamar urte betetzea. Ikerlaneko Kontseilu Sozialeko lehendakari Iñigo Gandiagak "lankidetza eta elkartasuna" nabarmendu ditu "Mundua eraldatzeko" bideen artean; azkenik, Ulma taldeko lehendakari Ibon Calvok nabarmendu du Mundukide bezalako proiektuekin "helburu handiak" lortzeko aukera dagoela. Hala, hiru kooperatibetako ordezkariek herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte lasterketan parte hartzera. 

Izen-ematea zabalik

Lasterketa solidarioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko www.mundukide.org atarian, eta urriaren 14ra arte egongo da parte hartzeko aukera. Gainera, lasterketan parte hartzeko aukerarik izan ez baina ekarpena egin gura duenak, dortsal solidarioa eskuratu ahal izango du Mundukideren web orrialdean edo 00989 Bizum zenbakian.

Palestinako herriari keinua

Prentsaurrekoaren bukaeran Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi izan dio Urizarrek; eta, bide batez, balioan jarri du han dauden Gobernuz kanpoko erakundeen lana; besteak beste, lankidetzaren garrantzia gogorarazteko balio dielako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak