Aretxabaletako campusean eman dio hasiera ikasturteari Mondragon Unibertsitateak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 5a, 13:55

Mondragon Unibertsitateak gaur, irailak 5, eman dio hasiera 2025-2026 ikasturteari, Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen campusean. Aurten, unibertsitateko graduko 19 titulazio ofizialetan, 26  masterretan eta 4  doktorego-programetan, 7.400  ikasle matrikulatu dira, eta, horiez gain, 8.000tik gora profesionalek etengabeko prestakuntzako programetan hartuko dute parte. 

Mondragon Unibertsitateak gaur egin du 2025‑ 2026 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala, Ideienea eraikin berrian, euskal ikus-entzunezkoen sektorerako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosisteman. Ikasturte honetan 50.  urteurrena ospatzen duen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean dago eraikina.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek eman dio hasiera ofiziala ikasturteari, eta ekitaldian izan dira, besteak beste, MUko errektore Vicente Atxa, MUko idazkari nagusi Idoia Peñacoba eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaile Nekane Arratibel eta Letizia Garcia doktoreak –azken bi horien hitz-hartzea izan da ekitaldian–. 

Aurreko ikasturtean aurkeztutako 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa lantzen jarraitzen du unibertsitateak, asmo handiko helburuekin. Premisa horren arabera, Mondragon Unibertsitatea lau erronka estrategiko handi ari da jorratzen: ikasleak ardatz dituen erakundea izatea eta goi-mailako ikaskuntza-esperientzia eskaintzea; bizitza osoan zeharko prestakuntza birtual eta hibrido berria eskaintzea; ikerkuntza eta transferentzia sustatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta unibertsitatearen tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea.

Ikasle eta titulazio kopuruak gora

Aurten, 7.400  ikasle matrikulatu dira Mondragon Unibertsitateko graduko titulazio ofizialetan, masterretan eta doktorego-programetan, eta, horiez gain, 8.000tik gora profesionalek etengabeko prestakuntzako programetan hartuko dute parte. Datu horiek bat datoz unibertsitatearen 2025-2028 Plan Estrategikoaren helburuekin: 2028rako 8.200  ikasle izatea, prestakuntza eguneratzeko programetan parte hartzen duten profesionalen kopurua bikoiztea, ikerketa- eta transferentzia-jarduera %  40 handitzea eta unibertsitateak nazioartean duen posizionamendua indartzea.

Halaber, ikasturte honetan, unibertsitateak bost titulu ofizial berri (gradu bat eta lau master) eskainiko ditu, bai eta zigilu dual berriak eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ibilbide propio bat, goi-mailako heziketa-ziklo bateko adar jakin batetik datozen ikasleentzat. Hauek dira titulazio berriak: Kultura eta Sormen Industrietako Gradua, Euskal Kulturaren Eragiletzako Unibertsitate Masterra, Elikagaien Hartzidurako Unibertsitate Masterra, Sentsoreen Analisiko eta Kontsumitzaileen Zientziako Unibertsitate Masterra eta Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL – Europako Unibertsitate Dualaren lehen masterra, European Joint Masters in Digital and Sustainable Manufacturing Engineering izenekoa. Titulu ofizialak dira denak, eta Unibertsitateak 2024-2025 ikasturtean eman dituen 18  graduei eta 22  unibertsitate-masterrei gehitzen zaizkie. 
Nazioarteari begira, nabarmentzekoa da Mondragon Unibertsitateak EU4DUAL Europako aliantzaren buru izaten jarraituko duela. Aliantza horrek nazioarteko lehen unibertsitate duala martxan jartzen dihardu, Europako beste 8  unibertsitaterekin elkarlanean. Orobat, Mexikon eta Latinoamerikan duen presentzia indartuko du unibertsitateak, datozen urteetan masterreko ikasleen %  33 baino gehiago nazioartekoa izateko asmoarekin.

Proiektu estrategikoen artean, Ideienea

Ikasturte honetako ekimen nagusien artean, ikasturtea abiatzeko erabili den Ideienea abian jartzea nabarmendu behar da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistema bat da, eta unibertsitateak Euskadin duen eragina indartzen duten beste ekimen estrategiko batzuei gehitzen zaie. Gainera, Bilbao-Bizkaia Digital Factory proiektua, uztailean aurkeztua, Zorrotzaurren gauzatuko da, Ikerlan zentro teknologikoarekin lankidetzan; Bizkaiko hiriburua talentu digitala erakartzeko eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzarako gune bihurtzea du helburu. Berrikuntzaren esparruan, halaber, Basque Culinary Centerrek bere sarea zabalduko du, Mondragon Unibertsitatearekin lotutako bi proiektu berriren bidez; hona hemen: Gastronomy Open Ecosystem (GOe), ateak datorren urrian Donostian irekiko dituena, eta EDA Drinks & Wine Campus, Araban, edariei buruzko lehen unibertsitate-gradua eskainiko duena Estatuan. Bestalde, LEINN ekintzailetza-laborategien sareak hazten jarraituko du, Bartzelonan beste zentro bat irekiko baita.

Proiektu horien guztien bidez, Mondragon Unibertsitateak berretsi egiten du berrikuntzaren arloan nazioarteko erreferentziazko unibertsitatea izateko asmoa, eta enpresekin duen harreman estua 2030erako sendotzekoa, bere funtsezko misioa ahaztu gabe: goi-mailako hezkuntzaren bidez Euskadiren garapen orekatua lortzen eta gizartea eraldatzen laguntzea.

Eraldaketarekin "konpromisoa"

Vicente Atxa errektoreak azpimarratu egin du Mondragon Unibertsitateak bere jarduera garatzen duen lurraldeetan duen rol eraldatzailea: "Goi-mailako hezkuntzarekin eta gizartearekin dugu konpromisoa. Hiriburuak ez ezik lurralde osoa eta eskualdeak ere eraldatzea eta benetako eragina izatea da gure apustua. Ideienea bezalako proiektuak konpromiso horren erakusgarri dira". Errektorearen hitzetan, "gure jarduera gauzatzen dugun eskualdeetan, langabezia-tasarik baxuenak daude, aberastasunaren banaketa orekatuagoa da eta inbertsio handiagoak egiten dira ikerkuntzan. Horrek erakusten du kooperatibismoak benetako onura sozial eta ekonomikoak dituela". Mondragon Unibertsitateak gizarte eta lurralde eraldaketarekin duen konpromisoa berresten du horrek, azaldu dutenez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak