Aretxabaletako haur eta nerabeek eskolaz kanpoko ekintzetan izena emateko trabarik izan ez dezaten dirulaguntzak emango ditu Udalak 2025-2026 ikasturtean. "Lehenengoz emango da era honetan eta proba egitera goaz" adierazi du Maider Etxanizek.
Gehienez bi zerbitzu lagunduko ditu: batetik, ludoteka-zerbitzua, eta bestetik, sei jarduera hauen artean hautatutako bat: eskola kirola, euskal dantzak, pilota (UDA), futbola (UDA), baloibola (Arizmendi), nesken futbola (Arizmendi) eta igeriketa.
Garikoitz Iturbe alkateak adierazi du ume eta nerabe guztien parte-hartzea bermatu gura dutela: "Eskolaz kanpoko hainbat ekintzatan bazegoela arrakala edo hutsune bat atzeman genuen. Familia batzuek izena emateko duten oztopoari irtenbide bat eman behar zitzaiola iritzi genion. Dirulaguntza hauek horretara datoz, ume eta nerabe guztiek parte-hartzea ziurtatzera".
Alkateak gogorarazi du iaz egindako ongizate emozionalaren diagnostikoan nerabeek adierazitako beharren artean zegoela egoera zaurgarrian dauden haurrei eta nerabeei eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko dirulaguntzak ematea.
Herriko eragileen babesa
Udalarekin bat egin dute herriko ikastetxeek eta eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten hainbat eragilek; horien artean, daude: UDA, Athlonek, Loramendi euskara elkartea eta Arizmendi kirol elkartea. Begi onez hartu dute proposamena: "Hasieratik egon da adostasuna eta oso harrera ona izan du eragileen zein ikastetxeen artean", dio Etxanizek eta Iturbek gaineratu du: "Elkarlanean jardunda umeen eta nerabeen parte-hartzea sustatu gura dugu".
Baldintzak eta agiriak
Dirulaguntzak jasotzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek: Aretxabaletan erroldatuta egotea; 16 urte edo gutxiago izatea; eta laguntza hautakoren baten onuradun izatea: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (BDE); Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL); edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. Baldintza horiek guztiak betetzen dituztenei eskolaz kanpoko ekintzaren kuota osorik ordainduko die Udalak.
Eskaera-orriaz gain honako beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte: BDE edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duela ziurtatzen duen dokumentua; errenta aitorpena edo egitetik salbuetsita dagoela adierazten duen ziurtagiria; eta dagoeneko izen-ematea ordaindu bada, horri dagokion egiaztagiria.
Horretarako azken eguna irailaren 30a izango da, udaletxeko erregistro orokorrean, aurrez aurre edo telematikoki.