Andramaixetako jaiegunetarako prest dute programa Aretxabaletako Udalak, Gazte Mugimenduak eta Gu Geu Atxabaltak. Egitarau oparoa prestatu dute adin guztietako herritarrentzat, askotariko proposamenekin, aretxabaletar guztiek ondo pasa ditzaten herriko festak.
Kaleak eta txosnaguneak alaitasunez beteko dituzte aretxabaletarrek herriko jai maitatuetan. Izan ere, kirol eta kultur ekitaldi ugari izango dituzte aukeran, beste behin. Herriko Plazako gaueroko kontzertuetarako, adibidez, Anje Duhalde, Balkan Paradise Orchestra, Gozategi eta Oilar Beltzak gonbidatu ditu Udalak. Gazte Mugimenduaren txosnan, bestalde, Larru Beltzak, Bixentak, I Toys eta Perlata taldeez gozatu ahalko da, eta Gu Geu Atxabaltarenean, Oihu, Anixe, Mutiko eta Kaparrak izango dira ikusgai, besteak beste.
Festak, berritasunekin
Kirol arloan, pilota partiduak eta txirrindularitza lasterketa nabarmendu daitezke. Azken hori Manolo Zubillagaren omenezkoa izango da; hain zuzen ere, Leintz bailarako Manolo Zubillaga txirrindulari lasterketaren 86. edizioa izango da hilaren 16koa, 23 urtez azpiko eta eliteko mailako txirrindularientzako proba. "Aurten utzi gaitu herri-mailan txirrindularitzari eta esku pilotari hainbeste eman dion gizona. Aitortza merezi du, eta hemendik aurrera haren izena eramango du Aretxabaletako txirrindulari probak", esan du Ibai Zangituk, Kultura arloko zinegotziak.
Haurrendako ere bai
Beste berrikuntza bat da Haurren Eguneko –abuztuak 16– protagonistek asanblada bidez egin dituztela aurten jaietarako ekarpenak; hori horrela, haiei egokitutako egitarau mardula osatu dute hilaren 16rako. Egun horretan alkate txiki izango dira Luka Iturbe eta Uxue Llodio, eta "oso pozik" daude horregatik. Hauxe adierazi du Zangituk: "Lehenengo aldiz egin dugu haurrekin jai batzordea. Hogei haur ingururekin batu ziren gurekin eta ideia batzuk atera ziren bileratik: apar festa egongo da, zezen puzgarri handi batzuk arituko dira, karaokea egongo da… Aurten, honako hau dugu, eta, datorren urtera begira, haurrak gonbidatzen ditugu proposamenak egin ditzaten, eurendako ere izan daitezen andramaixak".
Luka Iturbe eta Uxue Llodio, alkate txikiak
"Ilusioz gaude andramaixetan aretxabaletarren ordezkariak izateko, egun batez bada ere. Pregoia prestatuko dugu, eta denen aurrean irakurri".
Erraldoi ertainak, lehen aldiz
Gainera, erraldoi ertainak irtengo dira lehen aldiz Aretxabaletako andramaixetan. "Konpartsari erreleboa emateko helburuarekin, harrobia sortu gura dugu, eta, hala, 10 urtetik gorako hainbat neska-mutil haien neurrira egindako erraldoiekin irtengo dira kalejiran. Abuztuaren 14an 17:30ean egingo dugu aurkezpena", aipatu du Zangituk.
Berdintasunean oinarrituta
Erasorik gabeko jaiak izatea da helburu nagusietako bat. Horren harira, gune morea jarriko dute erasoak salatzeko, informazioa jasotzeko eta zalantzak argitzeko Mitarte kalean, hilaren 14an eta 17an, –19:00etatik 01:00ak arte– eta bi txosnaguneetan protokoloa aktibo egongo da une oro. "Ikasturtean zehar hainbat egitasmo jarri ditugu martxan, Aretxabaleta berdintasunean oinarritutako herri bat izatea nahi dugulako, eta jaietan ere eraso gabeko jai batzuk behar ditugula azpimarratu nahi dugu", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak.
Txupinik gabeko pregoia
Aurtengo pregoia desberdina izango da; izan ere, lehenengoz, ez da etxafuegorik jaurtiko. Horren arrazoia da DebaTEA elkarteko kideak izango direla jaien hasiera ekitaldiko protagonistak; tartean, Maider Triviño. "Autismoa eta beste gaitzestasun edo behar batzuk dituzten pertsonei ikusgarritasuna eta laguntza ematen diegu DebaTEA elkartean. Hori horrela, duela hilabete, proposamena jaso genuen pregoia irakurtzeko, eta oso pozik gaude pregoia irakurtzeko ohorea izango dugulako. Edozein jairen oinarrietako batek inklusioa izan behar du, edozein pertsona-motak bere
espazioa izatea, seguru sentitzea, eta, horrekin lotuta, badaude zaratak jasaten ez dituzten pertsonak. Horregatik ez dugu etxafuegorik botako", adierazi du.
Peio Uribetxeberria, Gazte Mugimenduko ordezkaria
"Aurtengo gaia zirkua izanda, mozorrotzera animatzen ditugu herritarrak. Horrekin batera, jolasak, bazkaria, kontzertuak… prestatu ditugu".
Oier Ibarzabal, GuGeu Atxabaltako ordezkaria
"Aurten, bigarren urtez jarriko dugu txosnagunea, eta egitarau zabala prestatu dugu: pilota partiduak, punk-oi! kontzertuak…".
Parte hartzeko gonbidapena
Aretxabaletako Udalak ondo pasatzeko eta parte hartzeko gonbita egin die herritarrei. "Jaiak herritik eta herriarendako antolatzen ditugu, eta gustatuko litzaiguke herritarrek horietan parte hartzea, egun zoragarriak pasatzea, inongo intzidentziarik gabe, eta herria jairako leku paregabea dela demostratzea", azpimarratu du Zangituk.