Durana kaletik Kurtzebarrirako igoera kronometratuko dute Ikazkin Trailen laugarren edizioan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 22a, 19:24

Ikazkin Traileko antolatzaileak lasterketako kartelarekin Ibarra kiroldegiaren kanpoan, gaur arratsaldean. (Argazkia: I.A.A.).

Gaur, martitzena, aurkeztu du UDAk Ikazkin Trail mendi lasterketaren laugarren edizioa. Irailaren 13an izango da, eta aurten ere, ibilbide luzea eta motza izango ditu, emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriatan banatuta. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 1era arte, www.rocksport.com atarian.

Iazko formatua mantendu dute antolatzaileek Ikazkin Trailen laugarren edizioan. Parte-hartzaileek aukera izango dute ibilbide luzea, 23,2 km eta 1.300 metroko aldapa dituen ibilbidea, edota laburra, 14,8 km eta 920 metroko aldapako ibilbidea egiteko. Iazko ibilbideak mantendu dituzte, baina jakitun dira eguraldiaren baldintzapean dagoela hori, izan ere, iaz ibilbide motzeko jaitsieraren "alternatiba" bilatu behar izan zuten lurraren egoeragatik.

Aurtengo berritasuna, ordea, lasterketaren hasieratik, Durana kaletik, Kurtzebarriko tontorrerainoko igoeraren denborak neurtzea izango da. Gaizka de Miguel da lasterketaren antolatzaileetako bat, eta adierazi du herritarren eta korrikalarien artean "pikea" sortzeko egin dutela: "Ea horrekin zer lortzen dugun".

Izen-ematea bide onetik

Dagoeneko izen-ematea zabalik dago eta irailaren 1era arte egongo da horretarako aukera www.rocksport.com webgunean. Kamiseten neurriak aukeratzeko epea, ordea, uztailaren 31n amaituko da. Gaur gaurkoz, 272 izen-emate dituzte De Miguelen esanetan, eta kopuruarekin gustura badaude ere, espero dute 300 parte-hartzaile baino gehiago izatea: "Uste dut lortuko dugula. Bi lasterketak batuta lortuko dugu zenbaki hori". Lasterketak badu inskripzio muga; guztira 400 lasterkari: 150 ibilbide motzean eta 250 ibilbide luzean.

Gainera, zenbakiak erreparatuz, aretxabaletarren parte-hartzea nabarmendu du: "Izena eman dutenen %30 herrikoak dira. Hortaz, oso-oso pozik daude. Momentuz, 84 izen-emate dira aretxabaletarrak".

Boluntarioen beharra

Besteak beste, herritarren artean kirola sustatzea, emakumeen parte-hartzea bultzatzea eta herriko parajeak ezagutaraztea dira Ikazkin Trailen helburuetako batzuk. Dena den, korrikalariez gain, behar-beharrezkoak dituzte boluntarioak: "Iaz boluntario zenbaki polita lortu genuen. Aurten espero dugu berdin izatea, eta herritarrak animatzea". Horretarako, antolatzaileekin harremanetan jarri baino besterik ez dago.

Hala, ohar modura adierazi du antolakuntza taldearentzan garrantzitsua dela korrikalariek, boluntarioek eta ikusleek ingurunean zaintzea, eta hala egiteko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak