2025eko Aretxabaletako Tomatearen Eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur, eguaztena, Aretxabaletan. Bederatzigarrenez ospatuko da eguna, eta helburuak jarraitzen du izaten "eskualdeko eragileen arteko elkarlanaren bidez, turismo gastronomikoa bultzatzea eta bertako produktuak ezagutaraztea" .
Tomatea "gure lurraldeko produktu esanguratsuenetakoa" dela dio Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak. Hala, nabarmendu du Tomatearen Eguna ospatzeak erakusten duela "gure lurrarekiko maitasuna eta lehen sektoreak egiten duen lana".
Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak nabarmendu du Aretxabaletako Tomatearen alde egin zutenen lana: "Honek ez dauka sekreturik. Puntu honetara iritsi bagara da garai batean pertsona batzuek honen aldeko apustua egin zutelako. Eskerrak eman nahi dizkiegu pertsona horiei, baina baita gaur egun guzti honen zabalpenean lan egiten dutenei".
Lehiaketaren hirugarren aldia
Aurtengo edizioak ere hiru ekitaldi nagusi izango ditu. Alde batetik, irailaren 14an, tokiko landa eremuan ekoitzitako produktuen azoka egongo da 10:00etatik 14:00etara bitartean; bestetik, irailaren 13an eta 14an, Aretxabaleta tomatearekin egindako pintxoen ibilbidea egongo da herriko hainbat tabernetan. Azkenik, irailaren 14an, Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketaren hirugarren aldia jokatuko da. Iturbek adierazi du "oihartzuna" hartzen ari den lehiaketa bat dela, eta "Euskal Herritik kanpoko jendea" ere etortzen dela; hori, haren ustetan, "Aretxabaletaren izena zabaltzen ari den seinale" ere bada. Lehiaketako sari banaketa 13:30ean izango da.
Ekitaldi horiez gain, honako ekintza hauek osatuko dute egitaraua:
- 10:00-14:00. Antzinako tomate barietateen erakusketa.
- 11:00. Tomate haziak erauzteko tailerra Marc Badalen eskutik.
- 12:00. Tomate sukaldaritza tailerra eta dastaketa Anne Otegiren eskutik.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek kultura@aretxabaleta.eus helbidera idatzita edo 943 08 10 01 telefonora deituta izango dute izena emateko edo informazio gehiago izateko aukera.