Karmele Igartua aretoa inauguratu dute Aretxabaletako komentuan

Goiatz Arana Begiristain 2025ko eka. 18a, 16:51

Agustindarren komentua izandako eraikina inauguratu zuen atzo arratsaldean Aretxabaletako Udalak, eta erabilera anitzeko aretoa erabilgarri dago gaurtik.

Karmele Igartua izena ipini diote aretoari; sormenari eta kulturari estuki lotua egoteagatik eta herriarentzako erreferentziazko pertsona izateagatik egin diote aitortza, eta eskertuta hitz egin zuten haren seme-alabek. "Kultur arnasgune hauek sortu eta izendatzerako orduan beste behin gure amarekin akordatzea, emozioz jaso dugun berria da", adierazi du Garazi Oiangurenek, alabak, eta Ekaitzek, semeak, gehitu: "Udaletxeak eta herriak horrelako omenaldi txiki bat egiteak zerbait esan nahi du, eta guretako hunkigarria da".

Pello Uribetxebarriak gitarrarekin lagunduta, ama zenaren poema liburuetako oleri batzuk errezitatu zituen alabak, horien bitartez esateko: "Bera aretxabaletar, emakume, euskaldun, sortzaile eta ama zela". 

Emaitzarekin, gustura 

2022ko azaroan hasi ziren eraikinaren beheko solairua eta sotoaren zati bat birgaitzen. Aurreikusi baino luzeago jo dute lanek eta gogotsu zeuden herritarrak. Jendetza batu zen atzoko ekitaldian bertan, eta bertaratutakoek pozik hitz egin zuten ikusitakoarekin. Are, gaur egungo alkatea eta aurreko agintaldian proiektua abiarazi zuena ere gustura daude. "Pozik, aretoa txukun gelditu delako, herrira begira nik uste dut Aretxabaletak irabaziko duen espazio bat dela, non ekintza ezberdinak egin ahalko diren, eta kokalekua ere ederra denez nik uste dut aukera dezente eskainiko dituela", adierazi du Garikoitz Iturbek, egungo alkateak. Unai Elkorok, berriz, EAJ-ko zinegotziak Aretxabaletako Udalean eta aurreko agintaldiko alkateak erantsi du: "Aretoa polita gelditu da. Azkenean, proiektua paperetan ikusia nuen, baina errealitatean ikusteko desiatzen geunden. Eginda dago, tardatu du, baina orain disfrutatu dezagun. Nik uste dut leku polita dela eta aukera dezente ematen dituela". 

Askotariko erabileradun aretoa izango da, antzerkiak, ikastaroak, hitzaldiak, dantza-saioak edota kontzertuak hartuko dituena eta, behin erabilgarri egonda, komentuko gunea osatuko duten gainontzeko zerbitzuak martxan jartzea falta da orain. Horien artean egongo dira Autonomia Sustatzeko Espazioa, Basotxo elkartearen egoitza eta taberna-jatetxea. Hautagai bakarra aurkeztu da azken hori kudeatzeko lizitaziora eta dokumentazioa aurkezten ari da orain; behin hori egindakoan eta guztia prest izaterakoan zabalduko dute, baina alkateak ez du datarik eman nahi izan. Autonomia Sustatzeko Espazioa guztiz hornituta eta erabilgarri dago, uztailean ez bada irailean jarriko dute martxan; eta Basotxo elkartearen egoitzarako ekipamendua ere erosita dago.

Gero eta gutxiago falta da komentuaren gunea, zerbitzu guztiekin, abian egoteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak