Gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko, Zer da laguna izatea? galderari erantzunez 30 segundoko spot bat egin behar izan dute parte-hartzaileek aurtengo Euspot euskarazko spot lehiaketan; Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izan da sari banaketa ekitaldian jakinarazi dituzte saridunak nortzuk izan diren.
Aretxabaletako Udalak sustatuta, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arizmendi Ikastolak antolatuta, beste hainbat eragilerekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak babestuta, egitasmoa arrakastatsua izan da, beste urte batez.
Errekorra lortuta
2025eko edizioa arrakastatsua izan dela adierazi dute antolatzaileek, eta jasotako lan kopurua handia izan dela: "Guztira 119 lan jaso ditugu; horietatik 22, adin nagusikoenak, eta gainerakoak, adin txikikoenak. "Euspot lehiaketaren historiako bigarren errekorra lortu dugu", adierazi du Amaia Balentziagak, Artemaneko Marka Estrategia eta Komunikazio arduradunak. Gaineratu dutenez, publikoaren sarirako 700 boto jaso dituzte bost egunean.
Saridunak, sailka
Irabazleei dagokienez, honako hauek izan dira saridunak.
- Spot onenaren saria: Bide desberdinak, helmuga bera, Asier Corchete eta Anje Arlanzon (Donostia eta Oñati).
- Gazteen saria: Laguna, beti lagun, Josu Arrizabalaga Aizpurua (Donostia).
- Musika sinkronizazio onenaren saria: Elkarrekin dena lortu dezakegu!, Uxue Lasa, Nerea Garmendia eta Klara Ketteler (Donostia).
- Publikoaren saria: Ereindakoa lo(re)tuz, Xabi Gomez, Naia Vallejo, Harkaitz Gorostiaga eta Irati Pineda (Laudio).
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenaren saria: Zure laguna delako, eta punto, Usoa Zulueta eta Gorka Granado (Sopela eta Bermeo).
- Arizmendiko ikasleen spotik onenaren saria: Laguntasunak ez du mugarik, Mikel Etxeberria eta Enaitz Garitaonandia (Aretxabaleta).