Aretxabaletan bizi da (Dominikar Errepublika, 1991) eta bigarren aldiz parte hartuko du Euskaraldian, belarriprest rola hartuta. Aurreko edizioan bideo txiki bat egin zuen Arrasateko Eskolaren egitasmo baterako, eta oraingoan hamaikakoko kide da. Etxean gaztelaniaz hitz egiten badute ere, semeari euskara bizirik dagoela erakustea du helburu: "Nire semeari erakutsi nahi diot euskara dela bere hizkuntza". Hamaikakoa osatzeko proposamena jaso zuenean ez zuen zalantzarik izan: "Nire ekarpena txikia bada ere, semeari erakutsi nahi diot hizkuntza hau polita dela, harena dela, eta ni ere hemen nagoela hori babesteko". Euskara ulertzen du, eta erabiltzen saiatzen da: "Hitz egiterakoan lotsa sentitzen dut, eta askok uste dute ez dudala ulertzen. Horrek pena ematen dit".
Euskal Herrian ikasi eta bizi
Haurra zela etorri zen, eta bere burua arrasatear sentitzen du. Euskara ikasteko esperientziaz ere hitz egin du: "Eskolan erabaki zuten liburuak gaztelaniaz izatea, eta uste dut horrek ez zidala lagundu. Bestela, gaur egun hobeto ariko nintzateke". Musikazale izanik, euskarazko abestiek asko hunkitzen dute: "Guztiek esaten dutena ondo ulertzea mundiala litzateke". Aretxabaletako egoeraz galdetuta, badu sentsazioa euskara gutxiago entzuten dela kalean: "Ez dakit zer egin den gaizki, baina lehen gehiago entzuten nuela esango nuke".