DebaTea elkartearen eskutik, askotariko aukerak izan zituzten zapatuan Aretxabaletara gerturatu ziren herritarrak, eta balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek, Izaskun Diaz de Guereñu elkartekidearen hitzetan: "Sekulako arrakasta. Ez genuen espero hainbeste jendea biltzea, eta guretako da lehendabiziko jaia. Bihotza oso pozik dugu".
Askotarikoak izan ziren egunarekin bat egindako herritarrak, baita ordezkari politikoak edota autistekin lan egiten duten profesionalak ere. Xabi Gezalagak, adibidez, hezkuntza laguntzako espezialistak, balioan jarri du elkartetik egiten ari diren lana: "Erakutsi zer den mundu hau, erakutsi zer den autismoa, bere inguruan zer mugitzen den, eta horretarako lan handia egin beharra dago eta honek horretan hasi dira egiten, oso ondo ikusten den eran". Garikoitz Iturbek ere, Aretxabaletako alkateak, elkartearen lana nabarmendu du: "Ikusten da eurak sekulako apustua eta lana egiten dabiltzala, eta gaur batu den jendea ere horri erantzutera datorrela uste dut".
Aurreiritzi asko daude hedatuta eta horiek aldatzea da helburua: autismoa gaixotasun bat dela uste dute askok, adibidez, eta ez da horrela, ez da sendatzen; izateko modu bat da, eta bizi izateko eta mundua ulertzeko modu jakin bat dute. Eta autista denak ere ez dira berdinak, askok baietz uste izan arren; gradu ezberdinak daude eta, horren arabera, zailtasun, gaitasun eta behar ezberdinak dituzte.
Urtebeteko ibilbidea
Urtebete da DebaTea elkartea abian jarri zela eta ibilbide oparoa egin dute denbora tarte horretan: terapia okupazionaleko esku-hartze zerbitzua bailaran bertan eskaini ahal izateko Arrasaten ireki berri duten espazioa edota zapatuko Aretxabaletako jaia dira adibideetako bi. Kontzientzia sortzea da orain erronka nagusia eta autismoa duten pertsonak naturaltasunez ikustea.
DebaTea elkarteko presidentea da Deiane Madinabeitia, eta hau nabarmendu du: "Pertsona arruntok edota neurotipikook, askotan eskatzen diegu autistei gure izaerara egokitzeko, eta, azkenean, guk antolatzen dugu normaltasuna. Baina eurek esaten digute suposatzen dela guk eurek baino askoz ere gaitasun gehiago ditugula egokitzeko eta enpatizatzeko, eta eurei eskatzen diegula gu geu egiteko gai ez garen hori. Orduan, hor dago frustrazioa".