'Argazkia.eus' lehiaketaren bigarren aldia aurkeztu dute

Julen Murua Mesonero 2025ko mar. 6a, 09:55

Euskal Herriko II. Argazki Topaketa aurkeztu dute Aretxabaletako Udalak eta Jardin Remoto ekimeneko kideek. Irabazleek Arkupeko Zaraia aretoan aurkeztuko dituzte euren lanak maiatzaren 10ean, eta guztira 4.000 euro banatuko dituzte saritan.

Iazko argazki topaketak izan zuen "arrakasta" aintzat hartuta, Argazkia.eus lehiaketaren bigarren aldia iragarri dute Aretxabaletako Udaletik eta lehiaketaren antolakuntzatik. Aretxabaletako Udaleko kutur zinegotzi Ibai Zangituk adierazi du "lehenengo edizioak izan zuen harrera onak" bultzatu diela bigarren aldia antolatzera. Gainera, "Euskal Herriko sortzaileei tokia egitea eta espazio berriak sortzea oso garrantzitsua" dela ere onartu du Zangituk, eta besteak beste, horregatik erabaki dute lehiaketa, berriro ere, Aretxabaletara ekartzea. Horrez gain, Jardin Remoto ekimeneko kide Sandra Remonek nabarmendu du argazkilaritza "gorakadan" dagoela eta argazki soilak ez ezik, askok "argazki proiektu handiak" egiten dituztela adierazi du.

Lehiaketako oinarriak

Euskal Herriko II. Argazki Topaketan parte hartu nahi dutenek 20 argazkiz osatutako karpeta bat bidali beharko dute martxoaren 30a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen dokumentu bat (PDF formatuan), curriculum artistikoaren dokumentua (PDF formatuan), NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edo bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan). Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da martxoaren 30a baino lehen argazkia.eus@gmail.com helbidera. 

Antolatzaileek apirilaren 7an jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, eta horiek maiatzaren 10ean aurkeztuko dituzte euren proiektuak Arkupeko Zaraia aretoan.

Berrikuntza sarietan

Iaz bezala, antolatzaileek zortzi sari banatuko dituzte: Aretxabaletako proiektu onena, Gipuzkoakoa, Arabakoa, Bizkaikoa, Nafarroakoa, Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa. Aurten, berrikuntza gisa, irabazle bakoitzak jasoko duen zenbatekoa 500 eurora igo da; beraz, 4.000 euro banatuko dira, guztira, saritan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak