ALBISTEAK

Kantariko izarrek abeslari handien pare abestu dute Arkupen

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 23a, 18:06

Aretxabaletako eta Eskoriatzako 7 eta 12 urte bitarteko 100 gaztetxo inguruk hartu dute parte Aretxabaletako Arkupen grabatu diren Kantari ikuskizunean. Guztira, bost saio grabatuko dituzte, eta horiek martxo bukaeratik aurrera ikusi ahalko dira Goiena telebistan. 

Kantarin parte hartu duten Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztetxoek euskal abestiak kantatu eta dantzatu dituzte telebistako izar handien pare gaur arratsaldean. Eta horretarako, jantziak edota orrazkerak ere artisten moduan prestatuta eraman dituzte. 

Arkupeko oholtza gainera igo diren izarrek txalo ugari jaso dituzte ikuskizunaz gozatzera joan diren gurasoen, familiartekoen eta lagunen partetik. Izan ere, asko izan dira ikuskizunaz zuzenean gozatu nahi izan dutenak.

Urduritasunak izan dira, noski, baina nabari izan da oholtza gainean aste ugaritan entseatzen ibili direla neska-mutiko parte-hartzaileak, gaurko egunean guztia primeran atera zedin.

Aurtengo berritasunen artean dago gainera, saioa hasi aurretik, koloretako argi-makilak eskuratu ahal direla, eta Goienakide direnek gainera, poster bat ere jasoko dute opari Kantarin parte hartu izana gogoratzeko. Eta ez direnek, zuzeneko saioetan jartzen den Goienakide gunera joanda edota Goienara deituta, Goienakide egiteko aukera daukate, ondoren, besteak beste, posterra jaso ahal izateko.

Goiena telebistan

Zapatuetan eta domeketan estreinatzen dira Goiena telebistan Kantariren saio berriak, eta astean zehar ere eskaintzen dira horiek gero. Orain, Bergaran grabatutako saioak emititzen dabil Goiena; bertan parte hartu zuten Bergarako, Antzuolako eta Elgetako gaztetxoen saioak ikus daitezke. Eta horien ostean, martxo amaiera inguruan ikusi ahalko dira gaur Aretxabaletan grabatutako saioak.

Grabazioa egingo den bailarako hurrengo herria Oñati izango da, eta azkenik Arrasaten parte hartuko dute kantari arrasatearrek eta aramaioarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak