Otsailaren 22an girotuko ditu kaleak Txapel Txinek eta Aratusteen berri eman. XVIII.ez ospatuko dute eguna Atxabalta Arena-n eta Txapelaroa izango dela iragarri du jaietako pertsonai ezagunak. Egitarauari dagokionez erraldoi eta gaiteroekin kalejira, bola-txapelketa, kale-animazioa eta pregoia eta erromeria izango dira, besteak beste.
Era berean, paella-jana bueltan datorrela aurreratu dute: "Aretxabaletako paella-egile famosoek egingo dute. Eta bazkalostea girotzeko Glutenbakuak taldea izango da". Dagoeneko jarri dituzte salgai bazkarirako txartelak Urbaltz eta Kixkor tabernetan. Langileek 15 euro ordaindu beharko dute eta ikasle eta langabeek 12 euro; horretarako azken eguna izango da otsailaren 17a. Menua honakoa izango da: txistorra, paella, postrea, edariak eta kafea.
360 gradutako kamera Aratusteetan
Martxoaren 2an ospatuko den Aratuste-domekak ohiko egitaraua izango du: Txino-dantza, desfilea, bazkariak eta mozorro lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia. Herri bazkarietan 1.100 lagunetik gora elkartuko direla aurreratu du Kultura zinegotzi Ibai Zangituk: "Herri bazkarien boom-a dagoela gurean esan daiteke. 600 lagun elkartuko dira kiroldegian eta 570 pilotalekuan. Eta taberna eta elkarteak ere bete egingo dira".
Berritasun bat ere iragarri du Zangituk: "Glam kamera bat jarriko dugu 360 gradutan grabatzen duena, eta gero jendeak bideo horiek eskuratu ahal izango ditu".
Ondo pasatzeko gogoa eskatu dute: "Kaleak kolorez eta poztasunez betetzeko, eta giro ona izan dadin egun horretan. Aratusteak adinik gabeko jaiak direlako, guztiontzako jaiak".
Kartela Yerak, Irenek eta Lizarrek egina
Yera Sanchez aretxabaletarrak, 7 eta 4 urteko seme Iren eta Lizarrekin batera, egindako kartelak irabazi du horma-irudi lehiaketa. "Haiei eskatu nien Aratusteetako pertsonaiak margotzeko, eta gero nik muntaia egin dut", adierazi du Sanchezek. 300 euro jaso ditu hirukoteak.
Egitaraua
Otsailaren 22a: Txapel Txin Eguna
- 12:00 Haur eta familiendako erraldoi eta gaiteroekin kalejira.
- 13:00 Txapel Txinekin kalejira.
- 14:30 Herri bazkaria. Ondoren, Glutenbakuak taldearen emanaldia.
- 16:00 Bola-txapelketa haur eta gaztetxoentzat.
- 17:00 Espaziora! kale-animazioa, Goloka taldearen eskutik.
- 18:45 Kalejira eta pregoia.
- 19:00 Zuttik elektrotxaranga.
- 21:00 Erromeria Mitarte kalean, Mugi panderoa taldearekin.
- 23:00 Bola-txapelketa nagusientzat, bolatokian.
Otsailaren 28a, egubakoitza
- 18:00 Egubakoitz Argal Jaia, Leizarra musika eskolak antolatuta, Ibarra kiroldegian.
Martxoaren 2a: Aratuste-domeka
- 10:00 Diana, txistulariekin.
- 11:45 Txino-dantza, Santa Ageda neska-mutilek dantzatuta.
- 12:00 Kuadrillen desfilea.
- 13:00 Kalejira, Gesaltza txarangarekin.
- 14:30 Herri-bazkaria DJ Jonek girotuta, kiroldegian.
- 15:00 Bazkari golfua, Iturrigorri pilotalekuan.
- 17:30 Kalejira Gesaltza txarangarekin.
- 18:00 DJ Mikeltxirekin dantzaldia Herriko Plazan.
- 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa, Herriko Plazan.
- 19:00 Santa Ageda neska-mutilen dantza saioa.
- Ondoren, DJ Mikeltxirekin dantzaldia, Herriko Plazan.
Martxoaren 4a: Aratuste-martitzena
- 10:00 Haurren emanaldia, Kurtzebarri eskolako kantxan.
- 10:30 Haurren emanaldia, Herriko Plazan.
- 11:00 Haurren emanaldia, Arlutzeko kantxan
- 18:00 Buruhandiak Irulitxa txarangarekin batera.
- 20:00 Txinen hileta. Santa Ageda neska-mutilek eramango dute zerraldoa Mitarte kaletik plazaraino.