Euskarazko sormena sustatzeko asmoz, duela hamahiru urte, 2012an, egin zituen lehen urratsak Euspot euskarazko spot lehiaketak, eta hamalaugarren edizioa aurkeztu dute gaurkoan. "Harrobia landu, talentua erakarri eta publizitatea euskaraz sortu. Era berean, aurtengo helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da, Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin gure hizkuntza", adierazi dute antolatzaileek.
Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean egin dute gaur goizean aurkezpena, eta han izan dira Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.
Haien hitzetan, ez da jakinekoa zein izan den azken urteotan euskarazko publizitateak izan duen bilakaera, baina susmoa dute "euskaraz sortu baino gehiago, jatorriz gaztelaniaz sortzen diren publizitate piezak euskarara itzultzen" direla: "Publizitateak inspiratu egin behar du, eragin egin behar du, era pertsonal eta kolektiboan. Publizitateak jarrerak eta jokabideak aldatu behar ditu, eta hori guztia komunitatearen hizkuntzan. Hortaz, ezinbestekoa da euskal publizistek, agentziek eta arloko agenteek euskaraz sormena garatzeko gai izango diren profesionalak sustatzea, talentuan eragitea eta euskarazko sormena bultzatzea".
Gai bati erantzutea asmo
Aurten, Zer da laguna izatea? izango du gaitzat lehiaketak, "adiskidetasun harremanak" izanik inspirazio iturri, antolatzaileen hitzetan: "Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide".
Bada, antolatzaileek esandakoak oinarri, 30 segundoko iragarki bat sortzea izan behar dute helburu parte-hartzaileek, eta maiatzaren 26ra arte dute lanak aurkezteko epea. Formatua, gainera, librea izango da, horizontalean edo bertikalean grabatu daitekeelako. Sariei dagokienez, lau izango dira nagusiak: spot onenak, 1.000 euro; Publikoaren Saria, 500 euro; Gazte Saria, 18 urtez azpikoei zuzenduta, 500 euro; eta musika sinkronizazio onenarena, 300 euro. Horrez gain, bi sari gehigarri banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro eskuratuko ditu eta Arizmendiko ikasleen onenak, berriz, 250 euro.