'Loramendi: 30 urteko ibilbidea' dokumentalarekin agurtu dute urteurrena

Mirari Altube Arrese 2025ko urt. 31a, 15:30

Urteurreneko ospakizunak bukatutzat eman ditu Loramendi euskara elkarteak. Horretarako, Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztutako Loramendi: 30 urteko ibilbidea dokumentalaren emanaldia izan zen atzo Arkupen; elkartutako askok sasoi bateko kontuak oroitu zituzten.

2023ko abenduaren 10ean bete zituen 30 urte Aretxabaletako euskara elkarteak, eta hainbat ekitaldi antolatu zituen horren bueltan iaz. Urteurrena agurtzeko unea iritsita, haren ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa egin du eta bazkide eta herritarren aurrean aurkeztu zuten hori atzo. Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztu du dokumentala eta Loramendiren ibilbidearen zeresan handia izan duten bost lagun batu ditu horretarako: Jasone Gorroño, Beinke eta Loramendi elkartearen sortzaileetako bat; Iker Urkia, 2004 eta 2014. urte artean presidente izandakoa; Edorta Mendieta, Aretxabaletako Komunikabideak-Loramendi elkarteko presidente ohia; Julen Perales, ludotekako langile izandakoa eta egun zuzendaritza batzordeko kidea; eta gaur egungo presidente Lierni Zangitu. 

Lagun asko elkartu ziren Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan hori ikusteko; elkartearen bueltan jardundakoak, une honetan dabiltzanak, bazkideak eta beste hainbat herritar. Hunkitu egin ziren batzuk eta kontu zaharrak gogora ekarri zizkieten beste batzuei. Bukaeran gustura agertu ziren dokumentalak jasotakoarekin.

Ikus-entzunezkoa Goiena telebistan ere ikusi ahal izango da; gaur, egubakoitza, 20:00etan eta 22:00etan emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak