"Anbizio handiko" aurrekontuak proposatu ditu Aretxabaletako Udal Gobernuak 2025erako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko abe. 10a, 18:13

Aretxabaletako Udal Gobernuak gaur aurkeztu du 2025erako udal aurrekontu-proposamena. 19,4 milioi euroko aurrekontua proposatzen dute, eta zazpi milioi euro inguruko inbertsio-gaitasuna; azken urteetako handienak. Horregatik diote, besteak beste, "anbizio handiko" aurrekontuak direla. Adierazi dute oposizioaren aldetik "harrera ona" jaso duela proposamenak baina oraindik negoziatzen jarraitu behar dutela. Abenduan ez bada urtarrileko osoko bilkuran onartuko da.

Gaurko agerraldian aditzera eman dutenez proposamenaren helburu nagusia da etorkizuneko Aretxabaleta garatzeko oinarriak eraikitzea: "Proposamena denbora luzez landu dugu eta duela hilabete aurkeztu genuen Agintaldiko Planaren barruan dago. Horrek esan nahi du, berdintasun politikak garatzeko, zaintza ekosisteman sakontzeko edo komunitatea indartzeko baliabideak sortzeko urtea izango dela. Ez da 2025ean amaituko, baina etorkizuneko proiektu indartsuen oinarriak jarriko dira martxan. Horretarako, ahalegin handia egingo da hainbat baliabide sortzen".

Azpimarratu dutenez "anbizio handiko" aurrekontu proposamena da: "Aurrekontuetan azken urteetan egindako inbertsiorik handiena egingo da. Anbizio handiko aurrekontuak dira, eta Udaletik kontziente gara agian asmo guztiak ezin direla urtebetean denak gauzatu, baina behar den inplikazio guztia jarriko dugu horretan. Aurrekontu hau kudeaketa eraginkorrago baten hasiera ere bada, eta horrek aldaketa sakonak ekarri ditu egituran. Malgutasuna izan du helburu, batetik, eta baliabideen erabilera hobetzea, bestetik".

Udal aurrekontu proposamena, sailka. Grafikoa: Aretxabaletako Udal Gobernua.

Aurrekontu orokorreko zazpi milioi euro inbertsioetara bideratuko dira, eta esanguratsuena espazio publikoetan egindako inbertsioa izango da: "Horrek erakusten du Udalak espazio berriak sortzeko eta daudenak eroso eta erakargarri egiteko borondatea duela. Hala ere, badaude inbertsio kopuru handiak jasoko lituzketen beste arlo batzuk, hala nola kirola, hezkuntza edo ingurumena".

Jarraian, aurreikusitako inbertsio nagusiak:

ASFALTATZE LANAK

    500.000,00

ANDRAMARI AUZUNEKO URBANIZAZIOA

    450.000,00

KIROLDEGI AURREKO KIROL GUNEA

    450.000,00

GUNE ESTALIA

    430.000,00

KURTZEBARRIKO KOMUNAK-GIMNASIO

    400.000,00

INSTITUTU BERRIA ERAIKITZEKO LURRAK EROSTEA

    520.000,00

UDALETXERAKO IGOGAILUA

    350.000,00

KONBENTUKO LORATEGIA ETA PASARELA

    670.000,00

URBANIZAZIO LANAK

    300.000,00

ITURRIZAR/TXARAPEA IGOGAILUA

    348.000,00

FRONTOIA ERABERRITZEA

    250.000,00

INBERTSIOA ENERGIA AURREZTU/SORTZEKO

    330.000,00

PARTZELEN DESLINDEA

    130.000,00

KUARTELAREN HOBEKUNTZAK

    100.000,00

EDERLANEKO BEROA APROBETXATZEKO

       85.000,00

LAUSITTA ETA DURANAKO PROIEKTUAK

       90.000,00

UMEEN PARKEEN INBERTSIOAK

       50.000,00

ARBOLEN LANDAKETA BERRIAK

       40.000,00

Zaintza ekosistema sendotzea

2025ean zaintza ekosistemaren proiektua sendotzea nahi dutela ere azpimarratu dute: "Horretarako, komentuaren eraikina izango da bere epizentroa, eta bertan kokatuko da ASE (Autonomia Sustatzeko Gunea), eta beste zerbitzu batzuk garatzeko proiektuak daude martxan jartzeko. Horrekin batera, zentro soziosanitarioa pieza garrantzitsua izango da, eta Osakidetzarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean garatu nahi da proiektua".

Bestalde, Errekabarrenen (Zainduz) dagoen osasun zentro txikian Emakume txokoa kokatuko da, eta urte hasierarako zabalik egotea espero dute: "Horretarako, parte-hartze prozesu bat egin da azken hilabeteetan, hainbat emakumeren parte-hartzearekin. Lokal horretan hainbat jarduera egiteko asmoa dute; besteak beste, jabekuntza eskola. Etorkizunean, lokal horretako zerbitzuak zabaltzea aurreikusten da".

Ingurumenaren ikuspegitik, Udalak hainbat ekintza egingo ditu, eta uraren kudeaketan eta zuhaitz-birlandatzean jarriko du arreta. Ingurumen politikak garatzeko, aurten EHUk egindako ikerketa izango da aurrera eramango diren proiektu askoren oinarria; adierazi dutenez, txosten horren berri aurrerago emango dute.

Azkenik, espazio berriak sortzeaz gain, dauden espazioak txukundu nahi ditu udalak, eta, horretarako, baliabide gehiago jarri nahi ditu. Hau horrela, urte hasieran kontratatuko den igeltseroa, kale garbiketan egiten ari diren aldaketak, eraikinetan zein kaleetan egingo diren konponketak eta txukuntze lanekin,  espazioen mantentze lanetan jauzi kualitatiboa eman nahi da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak