Egitasmoaren berri emateko Gari Iturbe Aretxabaletako alkatea, Garbiñe Etxeberria Realeko Emakumezkoen Futboleko Kirol Zuzendaria, Mikel Aizpurua Arizmendi Kirol Elkarteko Koordinatzailea eta Gadea Errasti Arizmendi Ikastolako Zuzendaritzako kidea batu dira. Gabonetako Futbol Txapelketaren nondik-norakoak azaltzeaz batera, emakumezkoen futbolaren garrantzia azpimarratu dute ekitaldian, baita ekimenak dituen balioak ere.
Urte luzez antolatu duten egitasmoan, bailarako Bergara, Mondra, Uda-Arizmendi taldeek hartuko dute parte, eta, bailaratik kanpoko Anaitasuna, Erreala edo Goierri Gorri taldeak arituko dira.
Bi egunetan, emakumezkoen futbola nagusi
Abenduaren 29an alebin (09:30), infantil (13:00) eta benjamin (16:30) mailako txapelketak izango dira, Futbol zortziko formatuan jokatuko dira, eta, egun guztian zehar jokatuko dira partiduak Ibarra futbol zelaian.
Abenduaren 30ean, berriz, kadeteek hartuko dute parte hiruko txapelketan, 10:00etan hasita Realak, Gipuzkoako Selekzioak eta debagoieneko konbinatu batek hartuko dute parte.
Herritarrei gonbidapena
Sarrera doakoa izango da, eta egun bakoitzean saski berezien zozketa ere izango dela azaldu dute. Hala, emakumearen eta kirolaren aldeko egitasmoarekin bat egin eta Ibarrako ateak zabalik daudela adierazi dute.