Hirugarren mailako zazpigarren jardunaldia jokatu dute gaur, etxean, Unai Calzonen mutilek, eta, partidua hasi aurretik, Jon Berastegi jokalariarendako animo mezua ikusi ahal izan dute zaleek. Lesionatuta dagoen jokalariarekin batera talde argazkia atera dute UDAkoek Haginak estutzeko momentuan… zurekin gaz, egurra pitbull! mezua jartzen zuen pankartarekin.
Ikuskizuna hasieratik
Ibarra futbol zelaiko harmailak beteta izan dira, izan ere, 600 lagundik gora batu dira bertan, eta, partidua hasi bezain laster ikuskizuna eman du etxeko taldeak. Izan ere, Unai Beloki eskoriatzarrak hirugarren minutuan sartu du lehenengo gola. Pase ederrari ondo erantzun du Belokik, soilik, baloiari bultza eginda. Markagailua 1-0ean izan da atsedenaldira arte, eta, etxeko taldea nagusi.
Bigarren zatian, ordea, indarberrituta atera da Beasain berdegunera, eta, erasoko jokaldi gehiago egiten aritu da. Hala, 59. minutuan iritsi da berdinketaren gola. Tentsioa areagotu da, eta Beasain taldeko entrenatzaileak txartel gorria ere jaso du. 87.minutura arte itxaron behar izan dute zaleek bigarren gola ikusteko; hain zuzen, korner batean Urbik burukada ederraren ostean iritsi da hiru puntuen gola, eta zaleen zoramena. Amaieran 2-1, hiru puntuak etxean geratu dira, eta, garaipenarekin lider jarraitzen du Udak.