Sei aretxabaletar neska gazteen topaketara joango dira, Poloniara

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 8a, 16:16

Aretxabaletako 15 urteko sei ikasle Poloniara joango dira urriaren 12tik 20ra bitartean Neska Gazteen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako topaketara. Alemaniako, Turkiako eta Poloniako kideekin elkartuko dira han –Palestinakoak ezingo dira joan–, herrialde ezberdinetako eskubideen gainean hausnartzeko.

Zaraitzu Lazkano Gorostiza, Uxue Fernandez Lezeta, Ane Aguilar Olabe, Doltza Lizarriturri Etxenausia, Nahia Pasamar Rodriguez eta Izaro Urkia Garcia aretxabaletarrak Poloniara joango dira urriaren 12tik 20ra bitartean. Europan sortutako ekimena da, Erasmus+ programaren baitan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak eta Aretxabaletako Udalak bultzatu dute elkarlanean. Urriaren 11an ospatzen den Neska Gazteen Nazioarteko Egunaren harira joango dira Wroclaw hirian egingo duten topaketara.

Gaztelekuko bi hezitzaile lagun dituztela joango dira 15 eta 16 urte bitartean dituzten sei gazteak. Polonian elkartuko dira bertako neska talde batekin eta Turkiako Nilüfer eta Alemaniako Wiesbaden hirietako beste banarekin. Palestinako talde bat ere joatekoa zen baina arazoak izan dituzte eta ez dakite iristerik izango duten. Dena den, herrialde hartako egoeraren berri jaso gurako lukete eta horretarako online parte har dezaten eskatuko dute.

Astebeteko egonaldi horretan lanak eta aisialdiak bat egingo dute. Batetik, munduko herrialde ezberdinetan dituzten eskubideen inguruan hausnartuko dute, taldeko kideen jatorria kontuan hartuta eta bestetik, harremanak estutzeko jarduerak eta irteerak egingo dituzte.

Bizipenak elkartrukatzeko "gogotsu"

Kurtzebarri institutuko ikasleak bidaiari ekiteko gogotsu daude. Aurretik hainbat lanketa egin dituzte han zer kontatu gura duten zehazteko. Argi dute hizkuntza ez dela traba izango. Eta gainerako herrialdeetako kideen bizipenak entzuteko eta jasotzeko gogoz daude.

Itzultzen direnean han bizitakoa partekatzeko konpromisoa hartu dute eta gaztelekuan aurkezpen saio bat egitea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak