ALBISTEAK

Ohiko hitzorduei eutsita datoz sanmigelak Aretxabaletara

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 17a, 20:55

Irailaren 27tik 29ra bitartean ospatuko diren San Migel jaien berri eman dute Udaleko Kultura Saileko kideek eta hainbat eragilek gaur. Urteroko ekintzekin osatutako egitaraua prestatu dute, berritasunen bat edo beste sartuta; hemen osorik.

Euskal azoka giroaren bueltan antolatutako jaiak izanik urteroko ekitaldiek ez dute hutsik egingo aurten ere.

Jaiei hasiera emango diote erraldoien eta gaiteroen kalejirarekin. Andramaixetan estreinatutako erraldoiak bigarrenez jardungo dute kalean gora eta behera eta ordurako izena ere izango dute horiek; izan ere, herritarren izen proposamenak aurkezteko epea irailaren 22an bukatuko da.

Kantu-afarirako izen-ematea

Gero eta arrakasta handiagoa duen kantu-afaria ere egingo da eta Sei Pistols & Trabuko Bat taldea izango dute lagun abeslariek, beste behin. Afarirako izena emateko epea irailaren 19an irekiko dute, 18:00etan, Arkupen eta kuadrillaka eman beharko da, euro bat ordaindu kide bakoitzeko.

500 lagunendako lekua egongo da hasiera baten, eguraldi txarra eginez gero Iturrigorri pilotalekuan egingo delako. Eguraldi ona izanez gero Herriko Plazan prestatuko dute afarirako lekua, eta beste 100 lagunen izenak jasoko dituzte irailaren 26an, 18:o0etan hasita.

Azoka eta talo txosna

Artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren azoka izango da zapatu goizeko protagonista. 51 postu elkartuko dira guztira Durana kalean eta horietatik zortzi izango dira produktu ekologikoak eskainiko dituztenak.

Bertako ganadua gertutik ikusteko aukera ere izango dute bisitariek; ahuntzak, oiloak, behiak eta beste hainbat abere elkartuko dira Arlutzeko kantxan.

Loramendi elkarteak talo-txosna jarriko du Mitarte kaleko lokalean. Bertan lagundu gura izanez gero bertako kideekin jakinaraztea eskatu dute –685 75 67 29 / 943 77 09 70 kaixo@loramendielkartea.eus–.

Bien bitartean kaleak girotuko dituzte  txalapartariek, Leizarra musika eskolako trikitilariek eta Iturengo joaldunek. Baita bertsolariek ere; Maddalen Arzallus eta Aitor Mendiluzek jardungo dute Mitarte kalean.

Arratsaldean, ostera, Beinke-Loramendi dantzak ez du hutsik egingo. Aurten, gainera, 30 urte betetzen dira lehenengoz egin zenetik eta Herriko Plaza bete-bete egingo da hura gogoan.

Herri kirolak domekan

Domekan, ostera, herri kirolen txanda izango da, ohi legez. Herriko Plazan elkartuko dira erakustaldirako Aratz Mugerza, Irati Astondoa, Jesus Maria Mujika, Uxue Ansorregi, Jon Unanue Goenatxo eta Jose Martin Bustinza Olabarria Tubi.

Jaiak agurtzeko Sanmigeletako kontzertua egingo du Aretxabaleta Abesbatzak. Aurten Pablo Sorozabalen Katiuska zarzuela ezaguna prestatu dute eta parrokian izango da.

Berritasunak

Berritasunak musika emanaldiekin datoz. Egubakoitzean La Txama taldearen kontzertua izango da Mitarte kalean. Eta zapatu iluntzean, Repercusion Feminista batukadak girotuko ditu kaleak.

Gune Morea zapatuan

"Inolako erasorik gabeko jaiak" aldarrikatu dituzte Udaleko Berdintasun Sailetik. Dena den, erasoak salatzeko, zalantzak argitzeko eta informaziorako Gune Morea izango da irailaren 28an, zapatuan, 19:00etatik 01:00ak bitartean, Mitarte kalearen bukaeran (botika zaharra), Xelebreak Aniztasunaren eskutik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak