Uztailean hasi zen lanean UDAko gizonezkoen lehen taldea Unai Calzon entrenatzailearen gidaritzapean. UDAren harrobian hazitako kirolaria da eta 2021en hartu zuen Ohorezko Erregionalaren ardura. Denboraldiaurrea hiru fasetan banatu duela aurreratu du eta une honetan hirugarrenean dago murgilduta Aretxabaletako taldea: Uztailean egin genituen entrenamendu batzuk. Gero, bigarren fasean, eurek indibidualki entrenatu dute. Eta orain gatoz hirugarren fasera, zelaira. Jende gaztea daukagu eta ikusten da kirola egin dutela".
Helburua, maila mantentzea
"Ilusioa". Hitz horrekin definitu du datorren denboraldia entrenatzaileak eta dio denboraldia "oso polita" nahiz "oso zaila" izan arren, euren helburua dela mailari eustea: "Ez dugu maila hau asko ezagutzen. Disfrutatuko dugu, baina konpetituko dugu eta ea zelan ateratzen den".
Unax Barrainkua eta Beñat Elkorobarrutiaren bajak izan dituzte lesioengatik, besteak beste, eta taldea indartzeko fitxaketak ere egin ditu UDAk. Hala nola, Aurra Ondarroatik etorritako Joseba Orbegozo ezker hegaleko defentsa elorriarra edota Xabi Azpiazu eskuin hegaleko defentsa bergararra.
"Plantilla zabala" ez zutela azaldu du Calzonek eta horregatik, fitxaketak egin dituztela. "Beste batzuk utzi dutelako baino, taldea osatzeko izan da", dio.
Lehen jardunaldia, Gasteizen
Irailaren 7-8ko asteburuan ekingo dio denboraldiari UDAk etxetik kanpo eta aurkari izango du Hirugarren Mailara igo berri den Gasteizko San Viator taldea. Aurredenboraldian jokatu dute lagunarteko partida eta Aretxabaletarrak nagusitu ziren. Dena den, denboraldiko lehen partida ezberdina izango dela irizten dio Calzonek. Partida "oso gogorra" izango dela aurreikusten du eta hor ikusiko dela ze mailatan dagoen UDA.
Hala, etxean jokatuko duen lehen partida Paduraren aurkakoa izango da, irailaren 14-15eko asteburuan.