115 kilometroko ibilbidea izan dute aurretik txirrindulariek eta Gatzagako nahiz Arlabango mendateak tarteko, lasterketa azkarra izan da, eta hasieratik ihesaldi saiakera ugari egon dira.
Hala, Durana kaleko helmugara ihes eginda heldu dira Cortizo taldeko Hugo de la Calle eta Finisher taldeko Nil Gimeno. De la Calle Espainiako txapelduna nagusitu da esprintean eta irabazlea gustura agertu da garaipenarekin. "Lasterketa gogorra izan da. Azkenean, bakarrik ari naiz, eta errazagoa egiten du taldeek niri erasotzea eta ihesaldiak egitea egon ezin naizen lekuetan. Orduan adi egon behar dut lasterketan eta saiatu ni atzean utzi ez nazaten", azaldu du de la Callek.
De la Calle eta Gimenoren ostean, Gomur taldeko Sergio Trueba txirrindularia helmugaratu da hirugarren eta talde horixe izan da lasterketako talderik onena. Halaber, De la Callek lehen postuaz gain, Mendiko saria ere eskuratu du.
Bi egunetan, bi garaipen
Lehen aldiz hartu du parte 20 urteko asturiarrak txapelketa honetan, baina, aurrez ezagutzen zuen Debagoieneko ibilbidea, iaz, Gatzagako txirrindulari lasterketan parte baitzuen: "Ez zen lehen aldia, baina bai. Gatzagako lasterketan korritu nuen, eta gutxi gorabehera banekien zein zen ibilbidea. Banekien lasterketa non jokatuko zen, eta nire kartak ahalik eta ondoen jokatzen saiatu naiz, jakinik aurka nituen handicapak zeintzuk ziren".
Indarrak ere erantzun dio txirrindulariari, atzo Amurrioko txirrindularitza lasterketa irabazi baitzuen.
Zaleen babesa
Ibilbidean zehar bidelagun izan dituzte zaleak eta herritarrak animoak emateko eta hori nabarmendu du de la Callek: "Euskal Herrian parte hartzea beti da pribilegio bat. Publikoa beti da hamarrekoa eta sekulakoa da beti hemen bizikletan egitea. 23 urtez azpikoak gara, jendeak ez daki zure izena eta ez dute oihukatzen zure izena, baina beti entzuten duzu goazen bat, Beti jartzen zaizu oilo-ipurdia ondotik pasatzean".