Ion Albizuk, Aretxabaletako Udaleko Hirigintza zinegotziak, dioenez "suteak eraikinaren kanpoaldean soilik izan du eragina, zorionez. Gutxigatik ez da sartu sua barrura, eta hala izango balitz, kalteak are handiagoak izango liratezke". Oraindik kalteen eragin ekonomiko zehatza ez badakite ere, "50.000 eta 60.000 euro bitarteko kalteak sortu direla" uste dute.
Ez dakite zerk eragin zuen sutea, baina, oraingoz, aukera bat baztertu dute: "19:00etan joan ziren langileak, eta ez zegoen argindarrik eraikin osoan. Beraz, sua ez da obrak eragindakoa. Beste aukera batzuk ikertzen ari gara eta horretarako Ertzaintzarekin lanean dihardugu".
Eraberritze lanak amaitzen
2022ko azaroan hasi ziren eraikinaren eraberritze lanak egiten, eta lan horiek guztiak amaitzear zeudela gertatu da sutea. Horrek, beraz, "dezente atzeratuko" du lana nahiz eta oraindik ezin duten "baloraziorik egin".