Duela hilabete pasa sortu zen GuGeu Atxabalta, eta orduan ezarri zuten helburuetako bat bete dute dagoeneko: Andramaixetan txosnagune bat jartzea. Abuztuaren 13tik 17ra bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte; tartean, kontzertuak, kirol ikuskizunak edota poteo girotuak. Aurkezpen egunean adierazi bezala, Kurtzebarri eskolako pistan jarriko dute txosna ez direlako "ordezkatuta sentitzen Aretxabaletako gazteriak azken urteetan hartutako bidearekin", eta euren asmo nagusia izango da "herriko sortzaileen erakusleiho izatea eta aukera bat ematea Andramaixetan jo ahal izateko".
Herriaren babesa, udalaren oztopoa
"Bi hilabete gogorrak" izan dira GuGeu Atxabaltakoentzat "denbora gutxi" izan dutelako guztia antolatzeko. Hala ere, "herriaren babes handia izan dugu, batez ere herriko gazteen partetik; ez genuen espero horrenbeste hurbilduko zirenik, eta balorazio positiboa egiten dugu. Bestalde, udalaren partetik "oztopo asko" izan dituztela aitortu dute "txosna jartzeko edo egitaraua sortzeko orduan".
Aurrerantzean ekintza gehiago
"Hau bakarrik lehenengo urratsa" dela diote GuGeu Atxabaltakoek, eta aurrerantzean "beste hainbat ekintza" antolatuko dituzte "Aretxabaletako sortzaileei tokia emateko eta guztiontzat toki eroso eta seguru bat" sortzeko asmoz.