Hamahirugarren urtez egin dute aurten ere Euspot euskarazko spot lehiaketa, eta, atzo iluntzean eman zituzten aurtengo sariak Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia Aretoan. Mila euroko sari nagusia Oihan Loiti arrasatearrak eraman du, 'Izan burua, altxa burua' spotarekin. "Spotak ikusten ibili nintzen eta aukerak izan nitzakeela uste nuen, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den. Mila euro oso ondo datoz beti sortzaileentzat, are gehiago hain prekarizatua den eremu batean" adierazi zuen Loitik.
Spot onenaren sariaz gain, beste bost sari ere banatu dira; guztira 3000 euro banatu dituzte saritan. Publikoaren saria eskuratzeko ere parte hartze altua izaten da urtero, eta, lau eguneko epean 800 boto jaso ziren. Ikasleek aurten landu beharreko gaia 'Telefono mugikorrak eta adin txikikoak izan da', eta, 30 segundotan mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzeko iragarki bat sortu beharra izan dute. Aurten babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izan da. "Gazteek askotan uste dute ez dutela aukera spotak eta publizitatea Euskaraz egiteko, eta, lehiaketa honekin erakutsi nahi dugu aukera badagoela" dio Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak.
Hanairu urteko ibilbidea duen lehiaketa da Euspot eta aurten jasotako lan kopurua batuta, ia 800 lan jaso dituzte guztira. Urte guzti hauetako eboluzio nabarmena izan dela aitortu zuen Arantzazu Lagunilla Artemaneko zuzendariak: "Gogoan dut lehen edizioan bederatzi lan soilik jaso genituela. Urte hauetan batez ere lan kopuruaz gain, lanen kalitate maila handitu da".
Sarituen zerrenda
Hauek dira banatu dituzten sei sariak:
- Spotik onena: Izan burua, altxa burua.
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: Distrakzioaren Adikzioa.
- Publikoaren saria: Gora begira mundu berria.
- Musika sinkronizazio onenaren saria: Distrakzioaren Adikzioa.
- Gazteen saria (18 urtetik beherakoak): Heldua zu zara, heldutasunez jokatu.
- Arizmendiko ikasleen spotik onena: Zuk zeuk erabaki.