Bi ibilbiderekin dator irailean III. Ikazkin Trail mendi lasterketa

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 5a, 07:16

Hirugarrenez antolatu du UDAk Ikazkin Trail mendi lasterketa eta irailaren 7an izango da. Izena emateko epea zabaldu dute –rockthesport.com atarian– eta bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute lasterkariek aurten, lehenengoz: luzea, 23,2 km eta 1.300 metroko aldaparekin, eta laburra, 14,8 km eta 920 metroko aldaparekin.

Kurtzebarri mendiaren bueltako paisaia ikusgarriak izango dira Ikazkin Trail mendi lasterketaren lekuko beste urte batez. Oraingoan, baina, hasiberriendako, luzeekin ausartzen ez direnendako eta zalantzan dauden horiek animatzeko, bigarren ibilbide bat zehaztu dute, motzagoa eta aldapa gutxiagorekin.

Luzeak iazko antzeko ibilbidea izango duela argitu du antolatzaile taldeko Mikel Arriolak, baina 2 kilometro gehiagorekin: "Bidegorritik, Urkulura igoko dira, eta Kurtzebarriko hegitik, tontorrera. Han dago hain zuzen ere zonalde teknikoena, Kurtzebarritik Elorretako Haitz puntara. Basobaltzetik jaitsiko dira gero eta Degurixatik pasatuta, Andarto atzetik buelta eman eta Gaztanbidetik Urkulura jaitsiko da, bidegorritik zuzenean Aretxabaletara iristeko".

Motzaren kasuan igoera berbera egingo dute: "Igo bide beretik egingo dira Kurtzebarrira, eta jaisterakoan, pagadira iritsi aurretik, zelaitik beherantz Elizabarriraino; pistatik jarraitu eta Tontorreko txabolatik pasatuta Areantza auzora egingo dute, bidegorritik Aretxabaletara jaisteko".

Aretxabaletako lasterketari balioa eman gura izan dio Arriolak: "Ez da atzera geratzen beste inoren parean, eta bertakoondako paraje oso ezagunak izan arren, benetan merezi duen lasterketa da".

Ainara Urrutia mendi lasterkari aretxabaletarra ere ildo beretik mintzatu da: "Herrian parte hartzeak beste xarma bat du, lagunak eta etxekoak bertan egoten direlako. Baina egia da sekulako giroa sortzen dela horren bueltan Aretxabaletan, eta lasterketa ederra da gainera, paraje zoragarriak dituelako". Beldurrak uxatu eta parte hartzera animatu ditu herritarrak: "Seguru asko, ez egin izanaren damua izango du batek baino gehiagok baina egin izanarena inork ez".

Txondorraren irudia

Irailaren hasiera mendi lasterketa batendako ez dela data ona sarri entzun dute antolatzaileek. Baina parte-hartzaile kopuruari dagokionez urtetik urtera gorantz doa eta hirugarren honekin erabat errotu gura dute. Horregatik, identitate propioa izan dezan eta eskualdeko gainerako lasterketetatik bereizte aldera, logoa sortu diote,  txondorraren forma duen irudia hain zuzen ere. "Gure izaera adierazteko sortu dugu logoa, txondorra eta azpiko erpinek lasterketaren perfila adierazten dute", argitu du antolatzaile taldeko Dorleta Ezeizak.

Izena emateko epea zabalik izango da irailaren 1a arte rockthesport.com atarian. Guztira, 300 lagunendako lekua egongo da.

Antolatzaileek herritarrak animatu gura dituzte lasterketan bertan edo horren bueltako kontuetan parte hartzera: "Ekimen hau aretxabaletar guztiena dela sentiarazi gura dugu, lasterka egin edo ez. Horregatik animatzen ditugu, gura izanez gero, boluntario lanetara, edo bestela, mendira igo eta lasterkariak animatzera, paraje zoragarriak ditugulako horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak