Erretiratuak eta gazteak elkarrekin lanean

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 28a, 18:38

Bakardadearen bueltako proiektua landu dute Kurtzebarri BHIko ikasleek Basotxo eta Atxabalta Lagunkoia elkarteetako ordezkariekin; bigarrenez heldu diote gaiari, eta aurten, ekimenari bukaera emateko, elkarrekin abestu dituzte hainbat kantu.

Adinekoen errealitatea ezagutzeko lanketa bat egin dute Kurtzebarri BHIko DBHko hirugarren mailako ikasleek. Bakardadean jarri dute arreta eta Basotxo erretiratuen elkarteari eta Atxabalta Lagunkoiari eskatu diete laguntza. Haiek galdera sorta bat prestatu zieten 70 urtetik gorakoei bideratzeko: "Herriko adinekoen egoeraren erreferentzia txiki bat jaso dugu eta balio izan digu zein arazo dituzten jakiteko", azaldu du Atxabalta Lagunkoiako ordezkari Juan Tomas Zabalak.

Behin hori esku artean, emaitzen gaineko solasaldia izan zuten ikasleekin bi elkarteetako lau kidek. "Basotxon ditugun jarduera guztien berri eman genien, adinekoek zein aukera dituzten jakin dezaten: dantza taldeak, memoria tailerrak…", dio erretiratuen elkarteko presidente Migel Elortzak, eta Zabalak gaineratu du: "Izan ere, bakardadea sarritan dator harremanak ez direlako lantzen, eta Basotxoren helburua da aukerak sortzea, gustuko zerbait topa dezaten guztiek".

Elkarrekin abestu

Lanketa horri bukaera emateko, Basotxoko kantu taldeak eta ikasleek elkarrekin abestea erabaki zuten. "Entsegu bakarra egin genuen batera, baina ez dugu gehiagorik behar izan. Kontzertuari garrantzia emate aldera, gure saioetan bezala jantzi ginen eta gazteek ere zaindu zuten janzkera", azaldu du Jose Ramon Quintanillak.

Lau abesti prestatuta izan arren bosgarren bat ere abestu zuten Kurtzebarri eskolako hainbat ikasleren, irakasleren eta gurasoren aurrean, eta trukean txalo zaparrada beroa jaso zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak