1948. urtean sortutako taldea da Castellers de Vilafranca, eta, urte guzti hauetan erreferente bilakatu dira giza gazteluen munduan. Katalunian zein bertatik kanpora hainbat eta hainbat bidaia egin dituzte euren talentua erakusteko, eta, nola ez, Euskal Herrian ere egin dituzte geldialdiak. 2016 eta 2021 urteetan Alegian, Errenterian, Orion, Donostian, Ereñotzun eta Hondarribian izan ziren. Aurten asteburu bat egingo dute Euskal Herrian, eta, tartean Aretxabaletan izango dira.
Gainera, ez da nolanahiko taldea Herriko Plazan izango dena; izan ere, Castellers de Vilafranca taldeak eskuratu ditu Tarragonako lehiaketa entzutetsuenean garaipen gehien. Era berean, azken urtetan hamar pisuko gaztelu gehien egin dituen taldea ere bada.
Ikustera gerturatzeko gonbidapena
Gutxitan izaten dela horrelako ikuskizunak bertatik bertara ikusteko aukera gogorarazi du Ibai Zangituk, Udaleko kultura zinegotziak eta dei egin die herritarrei hurbiltzeko.
Eguraldia lagun, ekitaldia Herriko Plazan egingo da apirilaren 19an, 19:00etan. Euria egingo balu, kiroldegian izango litzateke.