Txoko feminista sortzeko prozesua abiatzear da

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 20a, 19:26

Emakumeen ahalduntzea bideratuko duen gunea izatea da asmoa, eta, hori zehazteko, otsailean hasi eta ekainera arte iraungo duen TRIL izeneko lanketari ekingo diote, Udalak deituta; izena emateko epea zabalik dago, hilaren 22a arte.

Emakumeen ahalduntzerako txoko feminista bat sortzeko prozesua abian jarri gura du Aretxabaletako Udalak. Hain zuzen ere, herritarrekin batera egin gura du lanketa hori, otsailean hasi eta ekainera bitartean –zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara–, eta, horretarako, aldez aurretik eman behar da izena, honako galdetegi hau beteta. Azken eguna otsailaren 22a da. Argibideak gura izanez gero, Udaleko Berdintasun Sailera jo daiteke: berdintasuna@aretxabaleta.eus.

2015etik datorren eskaera

Txoko feminista baten proposamena 2015ean egin zuten lehenengoz; orduan, Erdu emakume elkarteak deituta 80 emakume inguru elkartu ziren Arkupen. "Herrian bazegoela hutsune bat atzeman zuten orduan eta herriak ere ikusi du emakumeek badutela halako espazio baten beharra", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Berdintasun zinegotziak.

Ordutik hona, ia bederatzi urte pasatu dira, eta orain, aurrerapausoak emateko ordua dela iritzita, Udala gertu dago "proiektua bultzatzeko", gune hori bideratu arte. "Horregatik, gardentasunez, txokoa ireki bitarteko pausoak herriko emakume eta feministekin batera eskuz esku eman nahi ditugu", adierazi dute Berdintasun Sailetik.

Lau lan-saio, zapatuetan

Lau saio izango dituen lanketa bat egingo dela iragarri dute; TRIL izena jarri diote prozesu horri. "Aretxabaletako lehenengo emakume taldea izan zen Tril guk dakigunez, eta aitortza egin gura genion, egindako ibilbideari keinu bat eginda", azaldu du Malena Gonzalez Berdintasun teknikariak.

Lehenengo saioa otsailaren 24an egingo dute, eta talde sustatzailea sortu eta egitasmoa definitzen hasiko dira. Bigarrena, martxoaren 23koa atzeratu egingo da Korrikaren etorrera dela eta; herri mailan ezagutzera emateko eta lokala egokitzeko saioa izango da. Hirugarrenean, apirilaren 27koan, txokoaren antolaketa eta kudeaketa nola egin zehaztuko dute. Eta laugarrenean, maiatzaren 25ean, proiektuaren gaineko lanketa egingo dute, "lagunartean zabalduz".

Eztabaida-prozesua izanik izen-ematea saio guztietarako izango dela iragarri dute antolatzaileek; hala ere, guztietara joan ezin dutenak ere gonbidatu dituzte "ekarpen guztiak direlako ondo-etorriak". Gaineratu dute fase bakoitzaren emaitzak publikoak izango direla eta Udalaren webgunean emango dutela prozesuaren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak