Goiz datoz aurten Aratusteak, eta aretxabaletarrek, horren jakitun, prestaketa lanetan dihardute buru-belarri. Udaleko Kultura Sailak eta Karnabalen Lagunek ere etxerako lanak egin dituzte eta egitaraua aurkeztu dute Astorgako (Leon), Cesar Nuñezek egindako kartelarekin; izan ere, hark irabazi du lehiaketa, eta 300 euro jaso ditu. "22 lan jaso dira, guztira; asko izan dira, ezberdinak eta maila handikoak", azaldu du Udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangituk.
Mozorroak eta karrozak gertatzeko Udalak utzitako lokalean mugimendu handia dagoela gaineratu du Zangituk: "Giltza asko eskatu dira eta jendea badabil lanean; batzuek dezente aurreratuta dituzte lanak. Beste batzuk, ostera, azken orduan ibiliko gara, betiko legez".
Herri bazkarietarako txartelak dagoeneko salduta daude; 1.000 lagun baino gehiago batuko dira horietan. "Bazkari golfo-ko txartelak salgai jarri orduko saldu ziren; frontoian 440 lagun inguru egongo dira eta beste 100 kanpoaldean jarriko den karpan. Kiroldegikoa ere ia erabat bete da; 580 inguru izango dira".
Egitaraua gertu dago
Egitarauari dagokionez ez da aparteko berritasunik izango: eguerdi parteko izarrak izango dira txino dantza eta kuadrillen desfilea, eta arratsaldekoak, kaleetako jai giroa Gesaltza txarangari eta Mikeltxi DJari esker; eta hori borobilduko du Santa Ageda neska-mutilen dantza saioak.
Egun horretan benetako protagonistak herritarrak direla dio Zangituk: "Aratusteetako hego-haizearen zurrunbiloarekin zoratu egiten gara, eta kaleak betetzen dituzte kuadrillek eta jendeak. Herriak sortutako jai bat da eta politena da herriak zelako parte-hartzea duen jai horretan". K23 kuadrilla ere badabilela zerbait prestatzen onartu du: "Zerbait badator gure zartadatik, baina ezin ezer esan!".
Txapel Txin eguna
Aratusteen aurretik, baina, Txapel Txin irtengo da lozorrotik herritarrak esnatzera; otsailaren 3an izango da hori. "San Blas eguna izanik, aurten Txapel Txin izango da Blatxin", argitu du pertsonaiak berak. Egitaraua gertu dute ordurako: eguerdi partean, ume eta familientzako erraldoiak eta Txapel Txinekin kalejira izango dira, eta arratsaldean, kale animazioa, pregoia, bola-txapelketa eta Kaparrak taldearen emanaldia. Aratusteak ondo pasatzera gonbidatzera etorriko da: "Esango diet lotsak etxean utzi eta kalera irteteko, eta disfrutatzeko!".
Datorren astean ikastetxeetara joango da: eguenean, Basabeazpin eta ludotekan izango da, eta egubakoitzean, Kurtzebarri eskolan eta Almenen.
Gune morea eta gehiago
Berdintasun Sailak antolatuta, gune morea jarriko dute Mitarte kalean otsailaren 11n. "Informazio-guneaz gain, erasoak artatzeko leku bat gertatuko dute. Garrantzitsua da hori, gune morea indartu egingo duelako", esan du Ainhoa Sanchez zinegotziak. Sexu Bizik emango du zerbitzua. Sateviko telefono-zenbakia ere eskura jarriko dute salaketentzat: 900-84 01 11. "Erasorik gabeko jaiak izan daitezela, mesedez, guztiok disfruta ditzagun", dei egin du Sanchezek.