Udal Gobernua osatzerakoan, 2023ko ekainean, hamaika batzorde eratu zituzten, aurreko agintaldian baino bat gehiago, eta orain, hamabigarrena izango du. EAJk, zalantza agertu zuen atzo berri hau sortzearen premiaz, baina oniritzia eman zion proposamenari alde bozkatuta. Alkateak beharrezkoa dela zioen: "Langileen gaineko kontu ezberdinak lantzeko, esaterako; entzuteko eta gorabeherak konpontzeko gune bat izango da, besteak beste".
Pentsiodunek aurkeztutako mozioa ere eztabaidatu zuten. Haien eskaera zen Jaurlaritzari eta legebiltzarrari demandatzea 1.080 eurora arte osatzea gutxieneko pentsioa, hamalau ordainsaritan eta atzera eraginezko ondorioekin. EAJ aurka azaldu zen pentsioen eskumena Madrilgo gobernuari dagokiolako eta ez Jaurlaritzari argudiatuz. Eskaera baina onartu egin zen EH Bildukoen aldeko botoekin.
Osoko bilkura horretan Gipuzkoako botikarien elkargoarekin hitzarmena sinatzea ere onartu zuten aho batez, etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonen artean botiken erabilera optimizatzeko programa garatzeko. Ildo beretik, etxeko laguntza zerbitzuaren finantziazioaren gainean Aldundiarekin sinatutako hitzarmena luzatzeari ere baiezkoa eman zioten guztiek.