Hamabi aretxabaletarren pintura lanak ikusgai daude Arkupen

Mirari Altube Arrese 2024ko urt. 11a, 07:04

Hamabi aretxabaletarrek Idoia Elexpuru irakaslearen gidaritzapean dihardute lanean azken urte eta erdian, Basotxo erretiratuen elkartearen laguntzarekin eta egindako hogeiren bat lan Arkupeko erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai. Urtarrila bukatu artean izango dira han.

Pinturarekiko zaletasunak batu ditu hamabi herritar, eta azken urte eta erdian astean birritan elkartzen dira Arkupen, astelehenetan eta eguaztenean, zaletasun horri haizea emateko. Idoia Elexpuru irakasleak emandako aholkuei kasu eginda jarduten dute lanean, eta orain, ikusgai jarri dituzte azken hilabeteetan egindako hogeiren bat lan.

Askotariko lanak

Pinturaren bueltan ibilbide luzea dute taldeko kide askok, baina oraintsuago hasitakoak ere badaude. "Batzuek hogei urte daramatzate margotzen eta beste batzuek bi, baina horrek ez du eragiten taldearen jardunean, norberaren erritmoa errespetatzen delako. Gustuko argazki bat ekarri ohi du bakoitzak eta hori lantzen hasten da", azaldu du Elexpuruk. Estilo figuratiboa duela gustuko gehiengoak gaineratu du: "Abstraktu bakarren bat badago, baina, orokorrean, bodegoiak eta paisaiak dira nagusi, akuarelekin, olioarekin zein akrilikoarekin".

Herritarrei erakusteko gogotsu

Denbora batean utzita izan ostean, pintura eskoletara itzuli da Arantxa Irizar taldekidea: "Oso gustura nabil. Paisaiak eta bodegoiak margotzen ditut, baina orain, estilo modernoagoarekin ere hasi naiz". Pepi Rosadok, ostera, marraztea du gustuko: "Zuri-beltzean, arkatzarekin marraztea atsegin dut, eta, noski, figurak; bizitza ematen dit horrek". 

Taldean giro benetan polita dutela adierazi dute guztiek. "Elkarri animoak ematen dizkiogu. Lagundu egiten digu, gainera, ohikoa ez den jendearekin gaudelako, beste kontu batzuen gainean berba egiten dugulako", dio Rosadok. 

Egindako lanak herritarren aurrean erakusteko gogotsu agertu dira, gainera: "Aretxabaletarrek jakin dezatela herrian badaudela artista batzuk. Hortaz, etor daitezela Arkupera gure lanak ikustera eta goza dezatela, guk gozatzen dugun moduan". Lanak urtarrila bukatu artean izango dira ikusgai erakusketen aretoan; astelehenetik egubakoitzera goizez –11:00-13:00– eta arratsaldez –18:00-20:00– eta zapatuetan goizez bakarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak