Aloña Mendi, Ariznabarra eta Bergara izan ziren irabazleak nor bere kategorian, baina garaipena bera baino garrantzitsuagoa izan da gaztetxoek futbolaren eta oro har kirolaren balioak eureganatzea.
ESKUA garaikurrak
Horren adibide da Eskua edo Errespetua Sustatu Kirola Uztartuz Aretxabaletan proiektuaren barruan banatu zituzten hiru sariak. UDA D taldeari talde-lanerako eta esfortzurako konpromisoa saritu zioten; Bergarako Aiman Kidari jokalariak bere taldearentzat erabakigarria izateagatik jaso zuen saria eta Ariznabarra taldeko Arene Carpio jokalariari erakutsitako talentua, lehiakortasuna eta duintasuna saritu zioten.
Jarrera egokiak nagusi
Antolatzaileak eskertuta daude 14. edizio honetan ere errespetua eta jarrera egokiak izan direlako nagusi. "Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu diren talde, ume eta familia guztiei. Hiru egunetan zehar jarrera egokiak izan dira nagusi futbol zelaian, hori da politena", dio antolakuntzako kide Iker Arriolabengoak.