Gabonetan txapelketa federaturik egoten ez delako hasi ziren Gabon Kopa antolatzen, betiere bailarako kluben arteko elkarlanean oinarrituta.
Aretxabaletakoa da aurtengo egoitza nagusia
Aurten Aretxabaleta da txapelketako egoitza nagusia baina horrenbeste ume eta gaztetxo daude ezinezkoa izango zela denak frontoi berdinean elkartzea eta horregatik bailarako frontoi ezberdinak baliatzen dituzte goizean zehar makina bat partidu antolatzeko. Benjaminek eta alebinek 16 tantora jokatzen dute eta infantilek, berriz, 18 tantora; betiere, pilota goxoekin.
Finalak Aretxabaletan, abenduaren 31n
Aste osoko partiduen arabera sailkapena zehazten joan ostean, hiru mailetako sei kategorietako finalak Aretxabaletako Iturrigorri frontoian jokatuko dira abenduaren 31n, goizeko hamarretan hasita. Aretxabaletako Pilota Taldeko arduradun Juan Mari Errastik dioenez, Debagoieneko pilota taldeen arteko elkarlana oso ona dela eta urtez urte arautegia aldatzen joaten direla umeen mesederako. Euskal federaziotik pozik daude Debagoienarekin: "Bailara barruko klubak oso ondo moldatzen gara eta aspalditik dugu ospe ona federazio barruan, hemen egiten dugun lana eredu dela esaten digute". Gabon Kopan parte hartzen ari diren pilotari kopuru zehatza ez badute ere, pozik daude antolatzaileak aurtengo partaide kopuruarekin.