ALBISTEAK

Gabonetara begira antolatutakoen berri eman dute Aretxartek eta Udalak

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 28a, 17:17

Aretxarte merkatarien elkarteko kideek eta Udalak Gabonetara begirako kontuak aurkeztu dituzte. Batak zein besteak eskaintza oparoaren berri eman du, herrian kontsumi dezaten aretxabaletarrek eta kultura egitarau bete-betea ere aurkeztu dute aurtengo iragarkiarekin batera.

William Wallace –Braveheart filma– pertsonaiak gertutasunaren aldeko oihuarekin eman diote hasira Gabonetako kanpainari gaur, martitzena.

Bonuek emango diote ongietorria; urteko hirugarren bonu kanpaina izango da hain zuzen ere. Aretxarteko kideek salduko dituzte Arkupen egubakoitzean, abenduaren 1ean hasita (10:00-19:00) eta 20 euro ordainduta 30eko bonua eskuratuko dute herritarrek. 16 urtetik gorakoek eskuratu ahal izango dute nortasun agiria erakutsita. Bonu horiek, gero, gastatu beharko dira abenduaren 30a bitartean.

Erakusleiho lehiaketa

Erakusleiho lehiaketa abenduaren 11n jarriko dute abian eta 22a arte iraungo du; parte hartzeko, gainera, ez dago izenik eman beharrik. Sari nagusia 300 euroko bonua izango da. "Erakusleiho onena aukeratu du eskaparategintzan aditua den kide batek eta kontuan hartuko ditu originaltasuna, kalitatea, eta saltokiko ohiko produktuen eta argien erabilera", azaldu du Nahia Agirrek, Enplegu eta Garapen teknikariak.

Bigarren saria herritarrek hautatuko dute abenduaren 11tik 18ra bitartean; botoa emateko bi aukera egongo dira: aplikazio bidez eta Arkupen jarritako kutxan. Botoa emandakoen artean 50 euroko bonua zozketatuko da. "Merkatariak animatzen ditugu erakusleihoak Gabon mezuekin eta argiztapen dotorearekin apaintzera, herritarren artean bertan erosteko gogoa pizteko", esan du Agirrek.

Gabonetako azokak ere ez du hutsik egingo. Abenduaren 16an eta 17an egingo da eta Durana kalean elkartuko dira, goiz partean, herriko ekoizleak, artisauak, merkatariak, elkarteren bat edo beste eta herriko hiru bat idazle.

Aretxarteren eskaintzak

Aretxartek, ostera, azken urteetan legez zigiluen kanpaina jarriko du abian. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5a bitartean Aretxarteko saltokietan bezeroek zigiluak eskuratuko dituzte erosketen truke eta behin txartela zortzi zigilurekin osatuta zozketa baten parte hartu ahal izango da; urtarrilaren 10ean izango da zozketa hori Idoia Elexpuru kideak aurreratu duenez: "200 euroko bonu bat jasoko du sari nagusiaren irabazleak orduan, eta 50 euroko beste 32 bonu ere banatuko dira".

Poltsak ere banatuko dituzte datozen asteetan. Eta abenduaren 15ean UDArekin batera buzkantza dastaketan hartuko dute parte. "Egia da Gabonetan herrian erosteko ohitura badagoela, baina beste hamaika hilabete ere baditu urteak eta horietan ere guregana gerturatzea gurako genuke", dio Elexpuruk.

Gabonetako ekitaldiak

Gabonetako kanpaina borobilduko dute kultur ekitaldiek. "Egitarau bete-betea dator, askotariko ekintzekin osatutakoa", iragarri du Ibai Zangitu Kultura zinegotziak eta hainbat ekitaldi nabarmendu ditu: "Musikari dagokionez, Nhil etxeko talderen kontzertua, gonbidatu bereziekin eskainiko du gainera; eta Gaztela Leondik datorren B&C Quartet folk taldearena. Bertso saioa ere izango da eta antzezlanen kasuan, Txalo Produkzioak konpainiaren Sagastitarrak daukagu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak