Egubakoitzean, hilaren 29an hasiko dituzte jaiok, emakumeen pilota partidak izango dira, erraldoien konpartsak, kontzertuak… Baina, zalantza barik, kantu afariaren zain egongo dira herritar asko; izena emateko epea astelehenean, hilaren 25ean, zabalduko dute Arkupen (09:00) eta euro bat ordainduta kantu-liburua ere banatuko dute.
Zapatuan, berriz, 10:00etatik 14:00etara bitartean artisauen eta nekazaritza ekologikoaren azoka eta ganadu feria egingo dute. Urtero moduan Durana eta Mitarte kaleetan egongo dira artisau eta nekazaritza feriak. Ganadua ikusteko, berriz, herritarrek Arlutz atzeko kantxara joan beharko dute. Azoka hori antolatzeko lanean dabilen Ibai Alberdik nabarmendu du, bereziki, hemengo ganadua erakutsiko dutela.
Herrian giroa sortuko duten beste hamar hitzordu ere badatoz egitarauan: trikitilariak, bertsolariak, txalapartak, txarangak, joaldunak, bola-txapelketak, herri kirolak…
Gune Morea, zapatuan
Indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu Udalak beste behin, eta iragarri du Gune Morea izango dela zapatu iluntzean; Durana kalean, Herriko Plaza barrenean egongo da hori. Horrez gain, halako kasuak salatzeko telefono-zenbaki bat ere izango da eskura, 20:00etatik 08:00etara bitartean; hona hemen hori: 678 06 17 00.
Bestetik, Andramaixetan legez, behar bereziak dituzten umeei keinu egin gura izan diete. Hala, ez da musikarik jarriko barraketan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.