Lehenengo jaietarako gertu Txarapean

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 15a, 11:40

Bihar, irailak 16, ospatuko dituzte eta egun osoko egitaraua zehaztu dute: umeendako jolasak, herri bazkaria, Zirrara eta Assata taldeen kontzertuak izango dira besteak beste eta txosna ere egongo da; ekitaldiotara herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Jai gogoz zeuden Txarapeako bizilagunak aspalditxoan eta konfinamendu saioan areagotu egin zitzaien. "Hartxo hori geratu zitzaigun orduan, eta elkar zirikatuta, txispa batek sortu du guztia", adierazi du antolatzaile taldeko Eneritz Urrutiak. Hala, talde txiki batek lanari ekin, eta haziz joan da, antolatzaile batzordea osatu arte. Irailaren 16a izendatu zuten jaiak ospatzeko eguna, eta behin egun hori iritsita, hasiera emateko gertu daude. Horretarako, berdegunea dagoen kurbatik kiroldegirantz doan errepide zatia –garajera bitartean– itxi egingo dute, eta txosna ere egongo da han, ibilbide horretan ez dagoelako tabernarik.

Jolasak, musika eta kirola

Txarapeako bizilagunak direla protagonista nabarmendu gura izan du Urrutiak: "Ekitaldi guztietan egongo da ibilbide horretan bizi den baten bat, musika taldeetan, kirol jarduerak bideratzen zein umeendako ekitaldiak girotzen, baita sukaldari lanetan ere". Paella izango da herri bazkariko oinarria eta Aretxabaletako sukaldari ezagunenek kozinatuko dute: "Joselu Gonzalezek, Jesus Mari Herrastik eta konpainiak". 225 txartel inguru saldu dituzte eta antolatzaileak pozik daude herritarren erantzunarekin.

Jaiei txupina botata eta pregoiarekin emango diete hasiera, baina isilpean gorde gura izan dute hori nork egingo duen. Egitarauan adin talde guztien gustuak ase gura izan dituzte: "Umeendako jolasak Loratuk gidatuko ditu. Gazteek bingo musikatua izango dute eta xunba tailerra gauean. Era berean, kirolariek, aldapan gora radarraren aurka lasterka egin ahal izango dute, eta lasaiago jardun gura dutenek mus txapelketa daukate".

Musikari dagokionez hiru emanaldi iragarri dituzte. Batetik, Txarabermu eguerdi partean: "Bi abesti herrikoi prestatu dituzte hainbat bizilagunek, kantuan egiteko". Arratsaldean, Zirrara taldearen emanaldia izango da, eta gaua, Assata talde arrasatearrak girotuko du.

Euriari beldurrik ez

Ez dira euriaren beldur, baina badaezpada karpak gertu dituzte: "Garaje eder batzuk ere baditugu etxeen azpialdeetan eta moldatuko ginateke".

Txarapeako bizilagunen ekarpen ekonomikoari esker antolatu dituzte jaiak, Udalaren babesarekin. Egun bakarrekoa izango da aurtengoa, baina arrakasta izanez gero "ikusi egin behar zer etorriko den datorren urtean". Izan ere, "geratzeko" datorrela eman dute aditzera.

Egitaraua

Zapaturako antolatutako ekitaldiak.

  • • 11:00 Jaien hasiera.
  • • 12:00 Pregoia eta txupinazoa. Txosnaren irekiera.
  • • 12:30 Haur jolasak eta parkea.
  • • 12:30 Txarabermu kantu saioa.
  • • 14:30 Herri bazkaria. Ondoren, bingo musikatua.
  • • 17:00 Mus txapelketa.
  • • 19:00 Zirrara taldearen emanaldia.
  • • 20:30 Eskailera bertikala, radarra aldapan.
  • • 22:00 Assata taldearen kontzertua.
  • • 00:00 Xunba tailerra eta gau girotua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak