Ajea pasatzeko ia astirik gabe, amaitu berri diren Andramaixen lehen balorazioa egitea tokatzen da, eta balorazio sakonago bat egin beharra badago ere, lehen inpresioa "ona" izan dela adierazi du Gari Iturbe alkateak. Era berean, jai "anitzak" izan direla azpimarratu gura izan du, eta baita parte hartze "handia" egon dela antolatutako ekintzetan.
Bestalde, Iturbek esker oneko hitzak izan ditu jaiak aurrera ateratzen lagundu duten eragile, bolondres eta langileentzat: "Gazteetatik hasita, ikusten da herriarentzako nolako lana egiten duten, eta, beste behin, antolakuntza handi bati esker gauzak aurrera atera dituzte eta eskertzea besterik ez zaigu gelditzen". Txirrindularitza proba aurrera ateratzen lagundu zutenei ere aitortza egin nahi izan die, zalantza askoren ostean 84. edizioa egin ahal izan zutelako. Udaleko langileak ere ekarri ditu gogora, egun hauetan ordu asko lan egin behar izaten dutelako.
Andramaixak opor sasoian ospatzen badira ere, geroz eta gehiago dira jaietarako etxera gerturatzen direnak eta hori ekintzetan aritu den jende kopuruan nabaritu dela adireazi du Iturbek: "Batzuk oporretara joatea erabaki dute, baina aurten ere jende dexente ibili dela esango nuke. Jaiak aste barruan edo asteburuan izateak eragina izaten du urtetik urtera".
Orain, atseden pixak bat hartzea tokatzen bada ere, datorren urteari begira, eragileekin hitz egin eta balorazio sakonago bat egin ostean, hobetu daitekeena aztertzen jarriko dira Udaletik.