Haurren festa egun betea izan dute Andramaixetan etxeko txikienek aurten ere. Garazi Igartua eta Anje Errasti alkate txikiek eman diote egunari hasiera, eta denetariko ekintzekin jolastu eta gozatzeko aukera izan dute.
Ohitura den bezala, bonba japoniarretatik opari ezberdin asko batu dituzte, ondoren, herriko plazara, herri kiroletan aritzera joan aurretik. Buruhandiak ere izan dira bertan gaztetxoen atzetik korrika, eta Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunarekin borobildu dute goiza.
Eguerdian indarrak hartuta, arratsaldean, jolas parkea, bolo txapelketa eta Kiliklon taldearen txorotxaranga kale-ikuskizuna ikusteko aukera egon da. Eguna amaitzeko, haurren eguneko zozeketan parte hartu dutenen artean sari banaketa egin dute.