Aretxabaletako Andramaixei ekiteko bi egun eskas falta dira eta herrian barrena hautematen da jai usaina. Momentuz jaietan murgiltzeko azken prestaketa lanak burutzen ari dira, dena prest egon dadin hilaren 13an. Herrian barrena hornitzaileen joan etorriak nabariak dira eta ostalariak ere prestakuntza lanetan burubelarri dabiltza, hilaren 13rako dena prest egon dadin.
Txosnen irekieriak hasiera emango die jaiei, nahiz eta, ofizialki egun bat beranduago hasiko diren jai kanpaiekin batera.
Guztira Abuztuaren 13tik 17ra bitartean antolatutako jaien aurrekontua 107.184 eurokoa izan da eta festaz beteriko lau egun izango diren hauetan, guztiaren gainetik ondo pasatzeko deia egin dute udaletik. Urteroko ekitaldiak izango dira nagusi: ikurrinari agurra, herri bazkariak, elizbira, Milagroko bandaren emanaldia eta kaleko ikuskizun anitzak, besteak beste. Kirol ekitaldiek ere emango dute zeresana, izan ere, bola-txapelketak, txirrindulari lasterketak edota pilota partiduek ez dute hutsik egingo.
Gustu guztientzako musika eskaintza
Askotariko musika emanaldiak egongo dira, izan txosnagunean, kalean zehar edota herriko plazan. Aurtengo talde izarrak Liher, JMartina eta Zopilotes Txirriaos izango dira. Kontzertu sorta biribiltzeko, Broken Brothers Brass Band, Txita Sound System edo Rockalean taldeak izango dira kaleak girotzen, eta azken egunean mariatxi doinuak ere izango dira plazan.
Beste aldetik, Atxabaltako Gazte Mugimenduak ere urtero bezala egitaraua propioa antolatu du txosnagunerako. Aldarrika, Oldarka lelopean, egitarau anitza eta alternatiboa prestatu dute.
Jaiak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen, protokolo feminista martxan jarriko dute. Indarkeria gabeko Andramaixen alde, gune morea edota arreta telefonoa egongo dira.
Goienak jarraipen berezia egingo dio
Azkenik, Goienak, urtero bezala, jarraipen berezia egingo die Andramaixei eta bertan jasotako irudi eta bitxikeria guztiak Goiena Telebistan zein goiena.eus atarian ikusgai izango dira.