Bueltan da Aretxabaletako Udalak, Debagoienako Mankomunitateko Turismo Sailak eta Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Tomatearen Astea. Aurten, irailaren 6tik 10era egingo da, eta berritasun batekin dator. Zazpigarren edizioari bultzada bat emateko, lehenengoz, Euskal Herriko bertako tomateen lehiaketa antolatu dute. Irailaren 10ean izango da, domeka, Tomatearen Asteko azken egunean.
Euskal Herriko bertako tomateen lehiaketan parte hartzeko bi baldintza nagusi bete beharko dira; Euskal Herriko bertako tomatea izatea, eta Euskal Herrian erroldatuta egotea. Lehiakide bakoitzak izen-ematea posta elektroniko bitartez egin beharko du, kultura@aretxabaleta.eus helbidera idatziz; mezuan adierazi beharko ditu: nortasun agiria, izen-abizenak, telefonoa, herria, eta aurkezten duen barietatearen izena. Gainera, antolatzaileek adierazi dute tomateak, irailaren 10ean, goizeko 9:30etik 10:30ak bitartean aurkeztu beharko direla Aretxabaletako Udalak Durana kalean horretarako jarriko duen karpara.
Hainbat ekintza irailaren 6tik
Tomatearen Astearekin lotutako ekintzak irailaren 6an hasiko dira. Urtero moduan, bertako tomate barietateen erakusketa antolatuko da, tomate haziak erauzteko tailerra ere izango da, eta herriko tabernatan pintxo ibilbidea egongo da.
Azken egunean, igandean, lehiaketaz harago, urtero antolatzen den azoka egongo da Durana kalean. Egun horretan, tomate deigarrienak ere saria jasoko du, eta herritarrek erabakiko dute hori. Tomate Astea dela baliatuz, iraila osoan Arkupeko erakusketa gelan, antzinako tomate barietateen erakusketa egongo da ikusgai Marta Barba katalanaren eskutik.