ALBISTEAK

"Hunkituta, eskertuta eta lanerako gogotsu" hartu du aginte-makila Gari Iturbek

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 17a, 15:03

Eratu da datozen lau urteetarako udalbatza Aretxabaletan. EH Bilduko Gari Iturbe Etxebarriak hartu du aginte-makila eta horrekin alkatetza gaur eguerdian egindako ekitaldian.

Ikusmina piztu du udalbatza berriaren eraketak Aretxabaletan eta udaletxeko osoko bilkuren aretoa bete egin da. Herritar askok jarraitu gura izan du alkate berriaren kargu hartzea. 

Protokoloari jarraituz, adinekoen mahaia osatu dute Angel Mari Etxabek ordezkari nagusienak une horretan, eta Ainhoa Sanchezek udalbatzako kide gazteenak. Zinegotzi izateko aurkeztu direnen egiaztagiriak jaso dituzte horiek, hamabirenak; izan ere, EAJko Javier Mar ezin izan da bertan egon.

Ondoren, legeak hala behartuta hitz emanda hartu dute kargua EH Bilduko ordezkariek, eta EAJkoek ere antzeko formula erabili dute, legeak hala aginduta esanda.

Alkatetzarako hautagai bakarra

Behin udalbatza eratuta, alkatetzarako hautagaia aurkeztu dute, bakarra: EH Bilduko Gari Iturbe Etxebarria. Izan ere, EAJk erabaki du ez aurkeztea alkategai izan den Mikel Uribetxebarria Barrena.  Bozketa eginda EH Bildukoen zazpi boto jaso ditu Iturbek, eta EAJkoek, boto zuria eman dute.

Azken zortzi urteetan alkate izan den Unai Elkoro jeltzaleak eman dio aginte-makila Iturberi, eta hala, alkate izendatu dute. Osoko bilkuren aretoan elkartu diren senideek, lagunek eta herritarrek txalo zaparrada eskaini diote orduan. Aginte-makila EH Bilduko taldekide guztien eskuetatik pasatu da.

Hitzik ezin esanda geratu da Iturbe, oso hunkituta, eta lehen uneetan etxekoak eta gertukoak izan ditu gogoan; baita taldekideak ere.

EAJren zerrendaburu izan den Mikel Uribetxebarria harro agertu da zinegotzi kargua hartzerakoan eta esker hitzak izan ditu azken agintaldiko udalbatzarendako.

Lagun giroa izan da osoko bilkuren aretoan, bai zinegotzi izendatu berrien artean bai udalaren osaketa jarraitzera joandakoen artean eta besarkada eta zorion mezuen artean eman diote hasiera agintaldiari. Batzuk zein besteak lanerako gogotsu daudela adierazi dute; hori astelehenetik aurrera izango da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak