'Ez dira debalde' spotak irabazi du Euspot lehiaketa

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 15a, 21:00

Euspot lehiaketako sari nagusia Gorka Santos eta Haizea Bedialaunetaren spotak irabazi du. Epaimahaiak adierazi duenez, spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena. Guztira 149 lan jaso dituzte, eta antolatzaileen ahotan aurtengo edizioak parte-hartze "historikoa" izan du.

Gaur egin da Euspot lehiaketaren sari-banaketa Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia Aretoan. Mila euroko saria eskuratu dute Ez dira debalde spotaren sortzaileek. Gorka Santos eta Haizea Bedialaunetak aitortu dute ez zutela saria espero: "Aurtengo maila ikusita, ez genuen espero irabaztea".

TOR magoak gidatu du sari-banaketa, eta haren ikuskizunarekin gozatu izan dute bertaratu direnek. Spot onenaren sariaz gain, beste bost banatu dira. 3.000 euro baino gehiago banatu saritan, sei kategoria ezberdinetan banatuta. Publikoaren sariak lau egunetan 1.700 boto baino gehiago jaso zituen.

Euspot lehiaketaren hamabigarren aldiak Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut! leloa izan du erdigunetzat, eta helburua izan da gazteengan bokazio zientifiko eta teknikoa sustatzea. Aurten ekimenaren babesle nagusia Eusko Jaurlaritza izan da, hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030).

Guztira 149 lan jaso dituzte, eta edizio guztiak batuta 700 spot inguru jaso dira dagoeneko. Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak, besteak beste, Ataun, Ordizia, Beasain, Alegria-Dulantzi, Gasteiz, Legazpi, edo Bilbo. Arteman komunikazio taldea da lehiaketaren antolatzaileetako bat, eta Gorka Etxabe zuzendariak hasierak ekarri ditu gogora: "Hasi ginenean, hamabost lan jaso genituen. Hamaika urte ondoren, 149 lan jasotzea pozik eta harro egoteko arrazoia da", nabarmendu du.

Rober Gutierrez, Bai Euskarari elkarteko zuzendariaren esanetan, halako ekimenak euskara sustatzen laguntzen dute: "Euspot lehiaketan sormena sustatzen da, eta euskera. Beraz lerrokatuta dago gure helburuekin. Eta batez ere, gazteei zuzendutako proiektu bat da, gazte mordo bat ikusi ditugu eta horrek esan nahi du badaudela gazteak euskaraz sortzeko gai direnak", adierazi du.

Irabazleen zerrenda

Guztira sei sari banatu dituzte. Honako hauek dira gaur Aretxabaletan saritu diren lanak:

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak