Alaitasuna eta giro ona izan dira nagusi Aretxarteko festan

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 5a, 15:30

Bigarren urtez jarraian, Aretxarteko jaia ospatu zuten Aretxartekoek joan den asteburuan Aretxabaletan. Herriko kaleak girotzeko eta herria alaitasunez betetzeko helburuarekin egin zuten festa, eta giro ederrean aritu ziren.

Aurten, berritasun gisa, UDA kirol elkarteak txosna bat jarri zuen eta Zaloña Aurreko baserriko Ibai Alberdi hanburguesak saltzen aritu zen. Zentzu honetan, Aretxarteko presidente den Kris Hernandezek iazkoa baino festa beteago bat izan dela aitortu zuen: "Iazko urtean hasi ginen, eta ondo irten zen, baina aurten giro eta parranda gogoa dago", nabarmendu du.

Egitarau betea

Bi eguneko egitaraua antolatu zuten. Ekainaren 2an, egubakoitzean umeentzat puzgarriak egon ziren, eta Other Side Company dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen Mitarte kalean. Festa handia, baina, zapatuan egin zuten. Batukada doinuekin hasi zuten eguna, eta eguerdian Herriko Plazan ia laurehun pertsona elkartu ziren mahaiaren bueltan, paella jateko. Arroza prestatzearen ardura, herrian aski ezaguna den Joselurena izan zen: "Poliki-poliki joaten gara egiten. Lehenengo, oilaskoa, untxia eta saiheskia egiten dugu, eta ondoren barazkiak, eta arroza botatzen diogu", adierazi du.

Honela, sabela bete ondoren, bazkaloste girotua, karaokea, eta mus txapelketa jokatu zuten. Arratsalde gauean, herriko bi musika talde igo ziren oholtza gainera: Lehendabizi, Nealta Fola, eta ondoren, Eten!. Egunak, harremanak indartzeko eta merkatarien artean urteko errepasoa egiteko balio duela azpimarratu zuen Aretxarteko kide den Igor Eskibelek: "Asko gara eta horrek asko laguntzen du batak besteari laguntzeko, eta baita taldea egiteko, eta urteari buruz hitz egiteko. Egun polita da, eta gustura". 

Bigarren aldia ondo ospatuta, Aretxarteko kideak hurrengoan pentsatzen hasiak dira dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak