Montferritik datozenen zain topaketari ekiteko

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 2a, 13:30

Tarragonako herritik 47 bizilagun iritsiko dira gaur iluntzean asteburua Aretxabaletan pasatzeko; Urbaltz elkartekoek gonbidatu dituzte eta laugarrenez elkartuko dira; ekitaldi sortaz osatutako egitaraua antolatu dute eta jai giroak ez du hutsik egingo.

Gaur iluntzean, 21:00ak bueltan, iritsiko dira Aretxabaletara Kataluniatik datozen 47 lagun. Tarragonako Montferri herriko bizilagunak dira, helduak, gazteak eta umeak, eta Urbaltz elkarteko kideek gonbidatuta datoz. Hainbat astetako antolaketa lanen ondoren, aretxabaletarrak "gogotsu" daude haiei ongietorria egin eta asteburuari ekiteko.

2019an ekindako bidea

Orain dela lau urte, 2019ko otsailean, ekin zioten elkartrukeari, hainbat bazkidek bazutelako kataluniar batzuekin harremana. Orduan aretxabaletarrak joan ziren Tarragonara, autobusa bete lagun eta harrera benetan beroa egin zieten. Lehen topaketa hark arrakasta izan zuenez urte bereko ekainean bisita itzuli zieten Montferrikoek. Orduan hasitako bideak jarraipena behar zuela sentitu zuten baina pandemia iritsi zen orduan eta bertan behera utzi beharrean izan ziren. Iaz, berrekin zioten ekimenari eta orduko bisita itzultzera datoz orain, laugarren topaketa izango den honetan.

2019ko otsailean, Montferrin bazkaltzen.

2019ko ekainean, Mitarte plazan, bazkaltzen.

2022ko otsailean aretxabaletarrak.

Talo-txosna eta bazkaria

Aretxabaletako jardueren, ekoizpenen eta kultura sormenaren berri emango diete egunotan; hori guztia jai giroak zipriztinduta. Horretarako egitarau bete-betea zehaztu dute eta bazkide ez diren herritarrak ere gonbidatu dituzte bertara.

Gaur, egubakoitza, talo-txosna jarriko dute Mitarte plazan eta bertan ekoiztutako jakiak dastatu ahal izango dira: Zaloña aurrekoa baserriko hamburgesak, eta Mendibitzu, Etxezuri eta Gazteluko Haitza gaztak.

Zapatu eguerdian, Trigger txelo-joleak eta Larraitz Iparragirre margolariak ekitaldi inprobisatua eskainiko dute. Bitartean Montferriko Clandestines artisau-garagardoa dastatu ahal izango da. "Herrian bertan egiten dute eta 100 litro ekarri dituzte", azaldu du Unai Iturriotz antolatzaileak. Ondoren, kataluniarrek eta aretxabaletarrek elkarrekin bazkalduko dute Mitarte plazan; 150 lagun batuko dira. Gau parterako bola-joko txapelketa antolatu dute bolatokian eta edonork parte hartu ahal izango du.

Domeka goizeko ekitaldiak topaketako kideendako izango dira. Batzuk gazta egingo dute Mendibitzu baserrian, beste batzuk Arientza-Etxebarri baserriko behi ustiategia ezagutu, eta hainbat Otalora jauregian elkartuko dira Erraiak filma ikusteko eta kooperatibagintzaren gaineko azalpenak jasotzeko. Eguerdi partean etxerako bidea hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak