'Genuine' lagunarteko txapelketa jokatuko da domekan, Ibarran

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 17a, 14:00

Domekan, hilaren 21ean, jokatuko dute Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian 'Genuine' adeitasun txapelketa. Realak, Athletic-ek, Alavesek eta Eibarrek elkarren aurka jokatuko dute goiz guztian zehar.  

Pasa den urtean egin zen moduan, aurten ere Genuine lagunarteko txapelketa jokatuko dute Ibarra futbol zelaian. Berez, Genuine Liga adimen urritasuna duten jokalariei zuzendutakoa da, eta ligako partiduetatik harago, beste zenbait topaketa izaten dituzte. Bada, domekakoa da bat. Hain zuzen, domekan Euskal Herriko taldeak batuko dira Ibarran; Reala, Athletic, Alaves eta Eibar.

Goizean jokatuko dute

10:00etan hasiko da eguna lau taldeen aurkezpenarekin. Gero, 10:45 inguru Aratz elkarteak harrera egingo die lau gonbidatuei, eta ondoren neurketak jokatuko dituzte, 11:00etatik 12:30era. Bitartean, partidu gabeko momentuetan, jolas-guneak egongo dira Ibarra futbol zelaian, Aratz elkarteak antolatuta.

Jokin Antxia, Aratz elkarteko kidea, pozik agertu da horrelako txapelketa baten parte izateagatik: "Pasa den urtean, pandemia dela eta ez dela, ez ginen animatu, baina aurten bai. Saiatuko gara joku inklusibo batzuk egiten, pertsona denok parte hartzeko, eta pertsonen arteko harremanak sustatzeko. Partiduen artean egongo diren hutsuneak betetzen ahaleginduko gara".

Txapelketaren aurkezpen ekitaldian Real Sociedad Genuine taldeko jokalari bat ere egon zen, Leire Esnal zumaiarra. Haren esanetan, "izugarrizko" gogoak ditu domeka iristeko, eta nabarmendu nahi izan du horrelako txapelketa batek balore asko erakusten dizkiola.

Fagor Automationek babestutako txapelketa da, eta bertan izan zen enpresako presidentea den Andoni Larrañaga. Larrañagaren esanetan ere, txapelketa enpresaren baloreekin oso lerrokatuta dago: "Pasa den urtean aurkeztu ziguten proiektua, eta egia esan, gure ideiekin bat dator txapelketa. Horrelako ekimenek bilatzen dute gizartean inpaktu positibo bat, eta hori guretzako garrantzitsua da", azaldu du.

Bukatzeko, Agurtzane Elkorok adierazi zuen datorren urtean asmoa dela adimen urritasun eta kirolari buruzko astebeteko ekintza-sorta antolatzea.

Hona hemen torneoko kartela:

Imagen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak