"Udal-kudeaketan eskarmentua dugu, baina baita herrigintzan ere, kide bakoitzak bere esparruan esperientzia sakona duelako eta baita herriaren ezagutza ere. Erronka ugari ditugu aurretik eta EAJn prest gaude datozen lau urteetan herriarekin eta herriarentzat lan egiteko", adierazi zuen Uribetxebarriak. Gaineratuz, "gogotsu, ilusioz eta proiektu sendoekin" heltzen diola datorren maiatzaren 28ko hauteskundeei.
"Aretxabaletaren aldeko apustua egiten dugu eta gure herritarrekin konpromiso sendoa dugu", azpimarratu zuen. Aretxabaletarrekin eta herriko eragileekin elkarlanerako prest azaldu zen hautagai jeltzalea, "guztion artean etorkizuneko erronkei arrakastaz" aurre egiteko helburuarekin.
Aurrera begirako proiektuak hizpide
Aretxabaletako EAJk etorkizuneko ibilbide-orria definituta duela azpimarratu zuen Uribetxebarriak, eta proposamen eta proiektuen artean aipatu zituen, esaterako, Komentua eta bertan garatuko den zaintza ekosistema: autonomoak diren edo mendekotasun maila arina duten adineko pertsonentzako arreta zerbitzu integratua, zentro sozio-sanitarioa eta Basotxo elkartea, hain zuzen ere. Horren harira aipatu zuen "aurrerapauso esanguratsua" emango duela Aretxabaletak, arreta-eredu pertsonalizatua, integrala eta berritzailea eskaintzeko aukera emango duelako Komentuak, "uneoro komunitatearekin lotuta".
Hirigintzari dagokionez, Santa Kurtzen egin bezala, irisgarritasuna lehenetsi eta Lausita kaleko ur hornidura eta saneamendu sareak berritzeko proiektua mahai gainean dagoela adierazi zuen. "Horrez gain, kiroldegi aurreko berdegunean ur jolasak jarriko ditugu, Iturrigorri frontoia eraberrituko dugu, hezkuntza institutu berria eraikiko da eta udal eraikinen eta ondarearen kudeaketa eraginkorra egingo dugu, herriko eragile orok bere tokia izan dezan".
Era berean, gehitu zuen, herriko merkataritza eta ostalaritza denboran iraunarazteko bideak erraztu eta tresna berriak garatuko direla sektorearekin elkarlanean,"Aretxabaleta bizia nahi dugulako". Eta, azkenik, hautagai jeltzaleak elkarlanaren beharra azaldu zuen, gobernantza eredu ireki eta gardena sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartuz, gertutasuna mantenduz eta herritarrei lehentasuna emanez.
Joseba Egibar ere ekitaldian
Herrigintzaren beharra aldarrikatuz eta hautagaitzan herri proiektuaren alde konpromisoa hartutako herritarren lana aitortu zuen Joseba Egibarrek, "guztion etxearen zaintza baita herrigintza eta hori da politika". Nazio bat behetik gora eraiki nahi duen alderdia da EAJ eta, hain zuzen, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak konpromiso hori hartu duten pertsonak txalotu zituen ekitaldian. Hala, herria eraikitzeko ereduez jardun zuen Egibarrek, balioa emanez, EAJk hasieratik egindako apustua azken 40 urteetan zehar, irakurketa egokiak eginez, "orain ere, mundu erabat globalizatuan, industrian, gizarte babesean, kulturan ala euskararen alde erabaki estrategikoak hartuz".
Aretxabaletako EAJren hautagaitzaren zerrenda:
- Mikel Uribetxebarria Barrena
- Conchi Muñoz Miguel
- Javier Mar Medina
- Karmele Uribarri Urresti
- Unai Elkoro Oianguren
- Maider Triviño Madinabeitia
- Jose Miguel Uribarren Azpiazu
- Nerea Garcia Gil
- Koldo Zubillaga Beltran de Heredia
- Mª Carmen Hermosa Crespo
- Aitor Gabilondo Arenaza
- Arritxu Oliden Bergara
- Galo Sanchez Valor
…
- Maria Pilar Leanizbarrutia de Bizkarralegorra
- Haritz Solupe Urresti
- Alexander Seiler