Hamabost milioi eurotik gorako aurrekontua onartuta Aretxabaletan, 2023rako

Mirari Altube Arrese 2023ko ots. 10a, 14:14

Aretxabaletako Udalak 15.407.226 euroko aurrekontua onartu du 2023rako. Atzo egin zuten ezohiko osoko bilkura eta Udal Gobernuaren aldeko botoak jaso zituen horrek; EH Bilduk, ostera, abstenitzea erabaki zuen.

Ia hamabost eta erdi milioi euroko aurrekontutik 4.175.672 euro inbertsiotarako izango da eta bi proiektutara bideratu dituzte kopururik handienak. Komentuan adinekoendako gizarte zentroa egokitzeko milioi eta erdi euro bideratu dituzte eta horren inguru guztia urbanizatzeko ia 1.390.000 euro. Horiez gain, Arkupen eguzki plakak jartzea aurreikusi dute, baita kiroldegian led argiak ere, eta Basabeazpi parean estalki bat egiteko proiekturako ere gorde dute dirua.

Hona hemen inbertsiorik garrantzitsuenak:

  • - Komentua eraberritzea: 1.507.500 euro.
  • - Iturrizar plazako igogailua: 500.000 euro.
  • - Komentu inguruko zubia: 350.000 euro.
  • - Komentu inguruko urbanizazioa: 312.000 euro.
  • - Komentu inguruko transformadorea lekuz aldatzea: 225.000 euro.
  • - Arkuperako eguzki plakak: 80.000 euro.
  • - Kiroldegiko led argiak: 60.000 euro.
  • - Erraldoi berriak: 9.000 euro.
  • - Basabeazpi parean estalkiaren proiektua: 10.000 euro.

Diru sarreren eta gastuen artean lau milioi eta erdi inguruko desoreka dagoela onartu zuen alkateak eta horri zelan aurre egin hilabete barru zehaztuko dute.

EH Bilduren lau emendakin onartuta

EH Bilduk 2022ko aurrekontuaren balorazioa egin zuen lehenengo eta adierazi haren exekuzio maila oso baxua izan dela, eta hori ez dela berri ona. Hala, 2023ko aurrekontua "jarraipenekoa" izanik, abstentziora jo zuten. 

Hamaika emendakin aurkeztu zituzten eta horietatik lau onartu dizkio Udal Gobernuak. Hona hemen horiek:

  • - Copreciko bidegorria osatzea: 8.000 euro.
  • - Frontoi gorrirako sarera: 1.000 euro.
  • - Energia aholkularitza bulegoa: 10.000 euro.
  • - Alokairu sozialerako udal parkea: 106.000 euro.

Lanpostuak egonkortzen

Udal aurrekontuarekin batera lanpostuen zerrenda ere onartu zuten. Alkateak nabarmendu zuen administrazioan ematen dabiltzan egonkortze prozesuari esker zortzi lanpostu egonkortuko direla Aretxabaletan eta lanpostu berriak sortzea ere lortu dutela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak