ALBISTEAK

Aratusteetarako atzerako kontaketa hasi da Aretxabaletan

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 7a, 11:39

Zapatu honetan, otsailaren 11an, Txapel Txin egunean motorrak berotuko dituzte hurrengo domekan ospatuko diren Aratusteei ongi etorria emateko. Luis Angel Argote gasteiztarrak irabazi du 2023ko kartel lehiaketa.

Egunak joan eta egunak etorri, geroz eta gutxiago falta da Aretxabaletako Aratusteetarako. Kalean igartzen da geroz eta gutxiago falta dela eta kuadrillak mozorroei azken ukituak ematen ari dira; horietako hainbat Udalak utzitako lokalean. Hala, Aretxabaletako Udalak Atxabaltako Karnabalen Lagunekin elkarlanean, Txapel Txin eguneko eta Aratusteetako egitarauak aurkeztu dituzte. Egitarauaren berri emateko ekitaldian izan dira Ainhoa Cabero, Kultura zinegotzia, Inma Miguel Kultura teknikaria, Txapel Txin eta Leizarra musika eskolako ordezkariak.

Hona hemen zapatuko, Txapel Txin eguneko, egitaraua:

  • 12.00 Erraldoi eta gaiteroekin kalejira.
  • 13:00 Txapeltxinekin kalejira eta pregoia.
  • 19:00 Elektrotxaranga: Elektrotxorongo.
  • 20:30 Kontzertua: Bixentak taldea, Mitarte kalean.

Aratusteei eskainitako asteburua

Leizarra Musika eskolak emango die hasiera Aratusteei Egubakoitz Argal jaia eskainita hilaren 17an. Eskolako lapurrak (aurten ikasleek jantziko duten mozorroa) kalejiran joango dira Herriko Plazatik Ibarra kiroldegiraino. 18:00ean hasiko da eta ehun dantzarik parte hartuko dute, eskolako txistulari eta gaiteroen laguntzarekin.

Otsailaren 18an, bolo txapelketa jokatuko da. Eta Aratuste-domekan, Txino Dantza eta desfileaz gain, Gesaltza txarangaren animazioa, DJak eta Santa Ageda neska-mutilen dantzak egingo dira. Mozorro lehiaketaren sari banaketa 18:45ean izango da.

Hona hemen egitaraua:

  • 10:00, Diana, txistulariekin
  • 11:45, Aurtengo Santa Ageda neska-mutilek “Txino dantza” egingo dute.
  • 12:00, Kuadrillen desfilea. Kuadrilla guztiak Beroan elkartuko dira. Ibilbidea: Araba ibilbidea, Mitarte, Durana, Errekabarren, Mitarte, Durana eta
    Herriko plaza.
  • 13:00, Gesaltza txarangarekin kalejira.
  • 16:30, Laser tag (12-16 urte bitartekoentzat) eta Scape Room zombie.
  • 17:30, Gesaltza txarangarekin kalejira
  • 18:00, DJ-kiaren emanaldia Herriko Plazan
  • 18:45, Mozorro lehiaketaren sari banaketa, Herriko Plazan.
  • 19:00, Santa Ageda neska-mutilen emanaldia.
  • Ondoren, DJ Kia-ren emanaldia Herriko Plazan.

Mozorro lehiaketako sariak honako hauek izango dira:

  • 16 urtetik gorakoentzako sariak:
    • Originaltasunari :   160€
    • Kale animazio onenari:   160€
    • Muntaia onenari:   160€
    • Bikote nahiz bakarkako mozorro onenari:   160€
    • Adin desberdinez osatutako talde onenari:  160€
  • 16 urtetik beherakoentzako sariak:
    • 1. saria: 150 euro.
    • 2. saria: 120 euro.
    • 3. saria: 100 euro.
    • 4. saria : 80 euro.
    • 5. saria: 60 euro.

Aratuste-martitzena

Aratusteak, ofizialki, otsailaren 21ean, martitzenean, amaituko dira Txin-en hiletarekin; hona hemen egitaraua:

  • 11:00, Irulitza txarangarekin kalejira.
  • 18:00, Irulitza txarangarekin batera, buruhandiak.
  • 20:00, Txin-en hileta. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko plazaraino. Bertaratzen diren herritarrei lutoz jantzita joatea eta kandela eskuan eramatea gomendatzen zaie.

Argotek kartela

Luis Angel Argotek irabazi du aurten Aratusteak iragartzen dituen kartel lehiaketa. Gasteiztarra da eta 300 euro eskuratu ditu. Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak "positibotzat" jo du aurten lehiaketak izan duen erantzuna, izan ere, inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak